Tolosaldea Sahararekin elkarteak, hamalaugarrenez, Oporrak Bakean egitasmoa antolatu du. Eskualdeko hainbat udal ordezkarik, herritarrei ekimenean parte hartzeko eskatu diete, egitasmoarekin bat eginaz, beste behin ere.
Ekimen honen bidez, saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta hazi diren 7 eta 12 urte bitarteko haurrak bi hilabetez Tolosaldera etortzen dira. Udal ordezkarien esanetan, «desertuan, udan 60 gradu inguru egiten ditu, eta Tolosaldean egiten duten egonaldiaren ostean, indarrak hartzen dituzte, eta bitamina nahikoa hartu, negu hotzari aurre egiteko».
Urtero bezala, neska-mutil hauek ekaina amaieran edo uztaila hasieran etorriko dira, eta iraila bitarte eskualdean egongo dira. Horretarako, ordea, Tolosaldeko familia desberdinak behar dira, beraien etxeetan gazte hauek egon daitezen. Udal ordezkariek azaldu dutenez, «eman beharreko bakarra lotarako toki bat da, eta jasotzen dena, berriz, asko».
Arrazoi hauengatik, besteak beste, Tolosaldeko udal ordezkariek familiei dei egin diete: «Animatzeko esan, eta beraien artean haur hauetako bat jasotzeko. Horretarako, interesatuek, eskualdeko udaletako gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan, gero, dena bide beretik koordinatu ahal izateko». Oporrak Bakean ekimenean denek parte hartu dezaketela esan dute, horretarako soilik gogoa izan behar dela gaineratuz.
Urteroko ohitura
Oporrak Bakean egitasmoa ohitura bilakatu da eskualdeko familia askorentzat, eta hauen elkartasunari esker, eskualdetik gazte saharar ugari igaro dira. «Osasunez bete, lagun berriak egin eta indarberrituta joaten dira beren lurraldeetara bueltan. Epe honetan, mediku frogak eta kontrolak pasatzeko aprobetxatzen da, beraien kanpalekuetan egin ezin dituzten frogak egiteko, hain zuzen», esan dute Tolosaldeko udal ordezkariek. Hauen esanetan, «elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri». Sahararen egoera ez dute ahaztu nahi izan : «Duintasunez beteriko herri hori garai gogorrak bizitzen ari da, eta garrantzitsua da azken boladan sentitu izan duten bakardadearen horma botatzea, eta horretarako, Oporrak Bakean egitasmoak garrantzi handia du».