Errepublika garaiko udal korporazioa eta langileak omendu dituzte, Tolosan

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Tolosako Foro Errepublikanoak antolatuta, pasa den aste osoan, II. Errepublikaren 82. urteurrena gogora ekartzeko Aste Kultural Errepublikanoa ospatu zuten, Tolosan, udalaren laguntzarekin. Ekimenen artean, larunbatean, udaletxe sarreran jarri duten plaka bistarazi zuten.

II. Errepublika garaiko udal korporazioa eta langileak omendu zituzten, eta garai hartan udalean lanean ibilitako Maria Luisa Castro tolosarra ekitaldian izan zen. Agurra dantzatu ostean, erakutsi zuten plaka, eta honakoa dio: «Errepublika garaiko azken korporazio demokratikoari. Herriaren askatasunaren, errepublikaren eta demokraziaren alde zeuden Antonio Maria Labaien alkateari, zinegotziei eta udal langileei. Gaurko tolosarrok beraien duintasuna eta oroimena aldarrikatzen dugu».

Aste Kultural Errepublikanoaren barruan Memoriaren izenak liburuaren gaztelerazko bertsioa aurkeztu zuen liburuaren egilea den Mikel Errazkin anoetarrak,  udaletxean. Herritar ugari elkartu zen batzar aretoan egin zen ekitaldian.

Lore eskaintza eta bazkaria

Frankismoak erail, kartzelaratu, torturatu, erbesteratu eta errepresaliatu guztien oroimenez, igande eguerdian, hilerrian jarrita dagoen monumentuaren aurrean elkartu ziren lore eskaintza egiteko.

Ondoren, udaletxean bandera errepublikarra igo zuten, eta musika bandak kontzertua eskaini zuen. Jarraian, herri bazkaria egin zuten Zerkausian, eta aste osoko egitarauari amaiera eman zioten Tolosako Foro Errepublikanoko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!