Tolosako Auzitegiak etxe kaleratze bat gelditu du Tolosan

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Tolosako Auzitegiak bertan behera utzi du iragan martxoan Tolosan egitekoak ziren etxe baten enkantea. Etxe kaleratzeen auzian, Espainiako araudiak herritarrak nahikoa babesik gabe uzten dituela ebatzi zuen Europako Batasunak iazko azaroan, eta argudio hori baliatu du auzitegiak, enkantea eteteko.

Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak jakinarazi duenez, pasa den martxoaren 19an erabaki zuen Tolosako Auzitegiak, enkantea bertan behera uztea; izan ere, martxoa amaieran ziren enkantea egitekoak.

Besteak beste, etxe kaleratzeak egiteko Espainiako araudia, eta erabiltzaileen eskubideak babesteko Europako Batasuneko gidalerroa ez direla bateragarriak ebatzi zuten, eta horixe argudiatu du auzitegiak. Era berean, auzitegiak azaldu du, etxegabetze prozeduran egin beharreko enkanteak «atzera bueltarik gabekoa» izan behar lukeela, eta, hori egin aurretik, hipotekak abusuzko klausularik ote duen aztertu beharko litzatekeela.

Stop Kaleratzeak plataforma «pozik» azaldu da erabakiarekin, eta «zuhurtasun eredutzat» jo du. Hori dela eta, Lurralde Historikoan dauden epaile dekanoekin bilera bat egiteko eskaera egingo dute: «Tolosan gertatu den bezala, antzeko prozesuak bizi dituzten epaitegietan horrelako erabakiak hartzeko eskaera luzatuz».

Azkenik, «prozedura hauek, Europar Auzitegiaren ustez, legez kontrakoak» direla gaineratu du plataformak.

1tolosa@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!