Tolosako Larramendi auzoan urrian egindako festen arrakasta ikusi eta gero, Larramendi Bizirik auzo elkartean berehala hasi ziren lokalen beharra zegoela komentatzen. «Batetik, jaietarako erabilitako materiala gordetzeko, eta, bestetik, jaiak antolatzeko garaian sortu zen lankidetza giroari jarraipen bat eman ahal izateko», zehaztu dute. Udalak Arkaute etxearen, lehen Gurutze Gorriaren egoitza zena, behe solairuko bi gela utzi dizkie, eta hauek auzolanean hasi dira atontzen.
Lokalarentzako leku egokiena pentsatzerakoan, elkartean Arkaute etxea zuten buruan. «Udalaren jarrera, hasieratik borondatea agertu bazuen ere, ez zegoen oso argi. Hiru solairutako etxebizitza izanik, beste elkarte edo talderen batekin banatzeko proiektua zuten eskuartean», azaldu dute Larramendi Bizirik-etik. «Azkenean, Abastoseko lokalak martxan jarri eta beste elkarte eta taldeak bertan bildu zirela ikusirik, behe solairuko bi gela erabiltzeko baimena eman zigun udalak. Gure aldetik, beste elkarte edo taldeei ateak zabaltzeko konpromisoa hartu genuen».
Gelak «nahiko txukun» zeuden, baina zenbait konponketa egiteko beharra zuten: pertsianak konpondu, paretetako zuloak estali eta hezetasunak konpondu, margotu, markoak eta zokaloak jarri, lanparak, sotoa txukundu... Elkartetik azaldu dutenez, «hasieratik argi utzi zigun udalak ez zegoela berritzeko dirurik». Hortik abiatuta, elkarteak bilera deitu zuen Auzolanean tiraka guztiok dugu zer eman eta zer jasotzeko aukera lelopean. «Auzotarrak informatu genituen, lokalaren eskaera tramitazioa egin zela eta zeintzuk ziren baldintzak. Bilera berean auzotarren proposamenak eta iradokizunak jaso genituen».
«Modu naturalean»
Hurrengo bilera batean jasotako proposamenak hainbat lan taldetan banatu zituzten: «Denetik irten zen, umeentzako ludoteka, dantza taldea, sukaldaritza ikastaroak, mendi taldea, zine proiekzioak, yoga klaseak, festa batzordea, eskulan tailerra... Egia esan, erabat ilusionatu ginen eta era berean auzotarrak ilusioz beterik ikusi genituen».
Gauzak horrela, lokalaren egokitzapena beharrezkoa zela adostu zuten, eta hori auzolanean egitea «modu naturalean» gauzatzen joan dela azaldu dute elkartetik: «Bat margolaria dela, bestea arotza izandakoa, besteak soldatzeko makina duela, eta gainontzekoen laguntzeko prestutasunarekin, lanean hastea erabaki genuen».
Deialdia «Aste Santuan eginik eta Pazko Astean jende asko kanpoan zela kontutan harturik, balantze positiboa egin dezakegu», azaldu dute. «Denera hogei bat pertsona bildu gara lau egunetan zehar, egunero bost bat pertsona elkartu garelarik».
Larramendi Bizirik auzo elkartearentzako aipagarrienak «elkar lanean sortutako giro jatorra eta auzolanean modu desinteresatuan aritzeak ematen duen poztasuna» dira. «Esate baterako, igande goizean 6-7 pertsona ginen lanean eta Euskal Herrian ohitura den bezala, hamaiketako hartzera joan ginen. Tabernan zegoen gazte bat gerturatu zitzaigun, zertan ari ginen galdetu eta ondoren gurekin etorri zen lanera. Benetan aberasgarria da auzotar guztiontzat izango den horrelako gune batean lanean aritzea».
Hurrengo deialdia asteburu honetarako egin dute. Gaur, 17:00etatik 21:00etara egongo dira, eta bihar eta etzi, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Hurrengo astean lan taldeak finkatzeko eta inaugurazioa prestatzeko bilerak egingo dituzte.
«Auzotar guztientzat irekia»
Elkartearen asmoa maiatzak 4erako dena prest edukitzea da eta inaugurazio ekitaldia prestatzea. «Horretarako ahalik eta auzotar gehienen laguntza beharrezkoa dugu. Bai lanerako, garbiketak egiteko, atontzeko eta baita ere ekintzak prestatu eta koordinatzeko», esan dute. «Inaugurazio ekitaldia ez dugu oraindik zehaztu, baina hainbat ideia jaso ditugu: haur jokoak, musika eta janaria izango dira ziur. Auzotar guztiak gerturatu daitezen gonbitea egiten dugu».
Arkaute etxea nola banatuko den eta zer erabilera izango duen ez dagoela elkartearen esku azaldu dute. «Oso etxe handia da eta gauza asko egin daitezke. Gure esku beheko solairuko bi gela ditugu, eta oraingoz horiek kudeatzeko baimena besterik ez dugu», zehaztu dute elkartetik.
Bi gela horiei zer erabilera emango dioten finkatzeko, Larramendi Bizirik auzo elkarteko batzorde burua berritzeko asmoa dute: «Orain arte lanean aritu bagara ere, uste dugu, auzo lokala kudeatzeko modurik egokiena auzotar guztiak ordezkatuko dituen auzo elkartea edukitzea dela».
Larramendi Bizirik-etik azaldu dutenez, «argi dugu auzotar guztiontzat irekirik egongo den gune bat izango dela eta horretarako auzotar guztien parte hartzea beharrezkoa dela deritzogu. Auzolanean aritzeak elkar ezagutzeko aukera ematen digu, elkarren arteko konplizitatea sortzen du eta auzotarren arteko elkar bizitza hobetzen du». Elkartearekin harremanetan jartzeko larramendibizirik@gmail.com helbidera idatzi daitekeela esan dute.
Deialdia
Asteburu honetan elkartuko dira berriro auzolanean Arkaute etxeko bi gelen berritze lanak egiteko.
Gaur, apirilak 12. 17:00etatik 21:00etara .
Bihar, apirilak 13. 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara .
Etzi, apirilak 14. 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara .