Jesus Mari Penilla: «Errepublikaren alde gehien egiten duena Espainiako Errege Etxea da»

Ataria 2013ko apirilaren 9a

Tolosako azokatik erosketak egin ondoren iritsi da Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzaren egoitzara Jesus Mari Penilla (Tolosa, 1948), txapela buruan duela. Atzo hasi zen Aste Kultural Errepublikanoaz hitz egiteko prest dago. Albistea, ordea, iragan asteko egunkarian atera zen, egitarau eta guzti. Elkarrizketaren helburua, Tolosako Foro Errepublikanoa zer den argitzea da. Jesus Mari Penilla betaurrekoekin dago, eta hauek badute berezitasun bat: egunerokotasuna, errepublikar kolorez erakusten dute.

Noiz hasi zinen errepublikaren aldeko kontzientzia hartzen?

1968an, Txabi Etxebarrietarena gertatu zenean, 20 urte nituen. Urte haietan, hitz egitea ere ezinezkoa zela ikusten zenuen. Aita, gainera, errepublikarra nuen. Zera esan nahi dut, 16-18 urterekin hasi nintzela kontzientzia hartzen. Batzuk Espainia handia eta askea zioten, baina hura oso gaztaro iluna izan zen.

Testuingurua nolakoa zen?

Tolosa oso herri kontserbadorea zen; alde batetik, errepresioa jasan zuten %40a zegoen, baina bestetik, oso eskuindarrak zirenak zeuden. Kontserbadore izaera hori Aranburu Jauregian jarri dugun argazki erakusketan ondo ikusten dela uste dut.

Aita errepublikarra zenuela esan duzu. Gai horietaz hitz egiten al zizun?

Bai, nire aitak ez zuen inongo arazorik hitz egiteko. Ebroko gudaz, adibidez, asko hitz egiten zuen, bera han egon zelako; gerra ostearen inguruan ere asko mintzo zen. Langileen batailoian eduki zuten penitentzia egiten edo, eta ondoren soldaduskara bidali zuten. Gaztaroa lapurtu zion frankismoak nire aitari.

Sustrai horiekin, foroko partaide ez izatea zaila izango zen zuretzat. Nola hasi zineten lanketa horretan?

Tolosako Foro Errepublikanoa udalak fusilatuen omenez hilerrian oroitarria jarri zuenean hasi zen martxan, lore eskaintzak egiten eta abar. Lehen urte hartan kosta egin zitzaion hastea, baina iaz, apirilaren 14aren harira, indartzea lortu zuen. 22 bazkide lortu genituen eta taldea osatzea erabaki genuen.

Iaz, apirilaren 14an, Espainiako erregearen eta elefantearen arteko afera gertatu zen, gainera.

Errepublikaren alde gehien egiten ari direnak eurak dira. Elefantearen gertaeraren ondoren, jendea hitz egiten hasi zen, eta ordura arte isilik zeuden gauzak ateratzen hasi ziren. Orain, infantaren kontua bolo-bolo dabil, eta baita erregearen aitaren Suitzako kontuarena ere. Bizitza guztian txirotasunez bizi izan direla saldu digute, eta orain guztia azaleratzen ari da.

Zer eskatzen duzue forotik?

Ez dugu eskakizunik egiten, noski, monarkiaren abolizioa eta gobernu errepublikarra nahiko genuke, baina foroa elkarlanean aritzeko gune bat da. Alderdi desberdinetako jendea gaude bertan, eta oraingoz, helburu berarekin gabiltza lanean. Aste kulturala antolatzeaz gain, beste hainbat gauza ditugu martxan, adibidez, Tolosako liburutegian errepublikaren inguruko gune bat egotea eskatu diogu alkateari.

Talde irekia zarete, beraz.

Foroak ateak zabalik ditu, eta bertan parte hartu nahi duenak, gurekin harremanetan jartzea besterik ez dauka. Batzuk Espainiako errepublika federala defendatzen dute, eta besteok, errepublikaren bidez Euskal Herriaren independentzia errazago lor daitekeela uste dugu, herrien autodeterminazio eskubidea ekarriko bailuke. Larunbateko manifestazioan, adibidez, eskubide hau manifestuan bertan agertzen da.

Biltzen zaretenean, zer egiten duzue?

Lehen esan bezala, irekia eta oso plurala da. Biltzean, ekimenak antolatzeaz gain, pixka bat egunerokotasunaz hitz egiten dugu, bakoitzaren ikuspegiak agerian gelditzen direlarik. Hori aberasgarria da, elkartzen gaituen horretan aurrera egiten ari baikara, desberdintasunetatik haratago.

Zeintzuk dira zuen lan ildo nagusiak?

Memoria historikoaren legearen harira hasi ginen. Orain, barkamena eskatu behar dela esaten ari dira, baina hobietan dauden 100.000 hildako baino gehiagori ez die inork eskatu; kontatu zaigun historia ere, itxuraldatutako historia izan da.

II. Errepublikaren inguruan ere hainbat istorio kontatu dira.

Askotan idealizatu egiten da, baina egia da, oso berritzailea izan zela, bai hezkuntza aldetik, eta zer esanik ez kulturari dagokionez; emakumeek ere, lehen aldiz botoa garai hartan eman zuten.  Lehen esan bezala, ordea, ez da horrenbeste idealizatu behar, izan ere, altxamendua eman zenean, gobernu errepublikarrak langileei armak emateko eragozpenak jarri zituen.

Zergatik?

Agian, eskuindarrei baina beldur gehiago zietelako langileei. Hala eta guztiz ere, oso garrantzitsua izan zela ukaezina da.

Zuen antzeko taldeekin harremanik ba al duzue?

Irungoekin harremana badugu, eta larunbateko manifestazioan, elkarte gehiagorekin jarriko gara kontaktuan, mobilizazioan horretarako aukera egongo baita.

Zer eramango duzu Donostiako manifestaziora?

Ikurrina eta errepublikaren bandera, noski.

Argazki erakusketa

Aste Kultural Errepublikanoa atzo hasi zen, Ibai Iriarte alkatea buru zela, argazki erakusketaren inaugurazioarekin. Erakusketak Aranburu Jauregiko ateak zabalik izango ditu aste guztian zehar. Gaur, Iñaki Egaña eta Karlos Almorza historialariek hitzaldia eskainiko dute Aranburun, bertan, 19:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!