Hondakinen gaia «desgaste politikorako erabiltzea» salatu du udal gobernuak

Ataria 2013ko martxoaren 28a

Hondakinen kudeaketaren inguruan azken asteotan gertatutako hainbat kontu hizpide izan ziren, astearteko ohiko osoko bilkuran, Ibai Iriarte Tolosako alkateak; besteak beste, «urak behar baino aldrebesago» daudela nabarmendu zuen, eta «zirko mediatiko lotsagarria» dela gaur egungoa: «Desgaste politikorako erabili duzue gaia, informazio falta eta beldurra baliatuz».

Bide honetan, Tolosako hondakinen mahaia utzi berri duten EAJ eta PSE-EEko udal ordezkariei, «erantzukizunez jokatzea» eskatu zien Ibai Iriartek: «Udal gobernuko kideak inposatzailetzat gaituzte, baina guk ez dugu ezer inposatu nahi, egoera kudeatu nahi dugu. Hasteko, oraindik ez dugu sistemarik aukeratu Tolosan hondakinak kudeatzeko, eta helburuak bakarrik finkatu ditugu. Auzia erantzukizun sozial gisa ikusten dugu, gizarte honetan eskubideez gain erantzukizunak ere baditugulako, eta kutsatzea ez delako eskubide bat».

Halaber, honakoa azpimarratu zuen: «Guk ez dugu bilketa sistemarik oraindik aukeratu, baina zuek esan duzue bosgarren edukiontzia ez den beste ezer ez duzuela onartuko».

Horrela, hondakinak kudeatzeko sistema aukeratze horretan, «adituak horretarako daude» Iriarteren arabera: «Arazoa, hala ere, birziklatzen ez duen jendearekin dugu. Eskualdean, gaur egun, %34a bakarrik birziklatzen da, eta horrek esan nahi du, etxe askotan ez dela birziklatzerik egiten. Beraz, elkar gaitezen herritarrei nola birziklatu behar duten erakusteko, eta ikertu eta gero hasiko gara mokoka hasi behar bada. Bitartean, guk ez dugu ezer ezkutatzeko».

Oposizioa informazio eske

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok, bere aldetik, «informazio falta» salatu zuen osoko bilkuran: «Hiru bileretan, informazioa adar batetik bakarrik joan da, eta atez ateko bilketa sistema soilik izan da hizpide».

Inaki Irazabalbeitiak, udal gobernuko kide moduan, Asensioren esanak ukatu zituen: «Nahi duzuna saldu dezakezu, baina hori gezurra da: tuper-en erabilera jorratu genuen bilera batean, eta inauterien harira egindako kanpainaz ere aritu izan gara. Gainera, hiru bilera soilik izan dira, eta teknikarien txostenak ere sistema bat baino gehiagoren inguruan egindakoak izan dira».

EAJko Olatz Peonek, mankomunitateak hartzen dituen erabakien berri ez dutela izaten nabarmendu zuen. Gainera, jeltzaleek diote «erabakita» dagoela zein sistema jarri behar den Tolosan, eta «zirko mediatikoan guztiek» parte hartzen dutela. «Herriari galdetu behar zaio zer nahi duen: bosgarren edukiontzia, sistema mistoa edo atez ateko sistema».

Osoko bilkuran eztabaida areago zihoala ikusita, Ibai Iriartek hitza eman zien, azken aldiz, udalbatzako alderdi guztiei, eta eztabaida hori hondakinen mahaian hitz egin beharrekoa dela nabarmendu.

Herri baratzeak ekainean

Ekogune fundazioaren egitasmoa da Gipuzkoako herri baratzeak sustatzearena, eta astearteko osoko bilkuran, baratze hauen inguruko baldintzak eztabaidagai izan ziren, Tolosako udaletxean.

Besteak beste, Iurreamendiko lursailetan jarriko dituzten herri baratzeen inguruko lehen ordenantza egin dute jada teknikariek, eta ingurumen batzordetik ere pasa dute agiria.

Udalbatzako kide guztiek onespena eman zieten baldintzei, eta Hasier De los Rios ingurumen zinegotziak, baratzeen obrak jada esleituta daudela argitu zuen: «Ekainerako martxan izango dira Iurreamendiko obrak».

Aipatzekoa da, guztira 81 baratze izango direla herritarren esku; hauetariko bi elbarrientzako egokituko dituzte, eta beste lau baratze elkarteei begirakoak izango dira, 80 metro karraturekin. Familiek ere eskatu ahal izango dituzte baratzeak, eta kasu hauetan, 75 metro karratukoak izango dira: «Helburua langabetuei eta beste sektore batzuei lehenatsuna ematea da, eta hori batzordeetan finduko dugu».

Azkenik, osoko bilkuran, EAJko zinegotzi baten kargu hartzea ere izan en. Horrela, Joxelu Anduezaren ordez, Miren Ezkiaga ariko da aurrerantzean, zinegotzi lanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!