Tolomendi Tolosaldeako Landa Garapen Elkartea, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimenean ari da parte hartzen. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak edo balioak aztertzeko eta horien erronkak identifikatzeko parte-hartze saio irekiak burutu zituzten ekainean, eta orain bigarren saioa prestatu dute. Apirilaren 10ean izango da, Tolosako Kultur Etxean, 19:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Horretarako, paisaia.atl@paisaia.com helbidera idatzi edo 686 73 81 52 edo 943 33 50 48 zenbakietara hots egin beharko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «oso nabarmena da baserri-paisaiek euskal kulturaren testuinguruan esanahi berezia dutela, bertako nortasuna, historia eta kulturaren oinarrizko elementu direlako». Hala, hurrengo belaunaldiei eskualdeko landa-paisaiei dagokienez utzi nahi zaien herentzia zein izango den denen artean erabakitzea, eta egun lur horietan bizimodua irabazten dutenek bizi baldintza duinak izan ditzaten moduak bilatzea du helburu ekimenak. Bide horretan, eskualdeko baserri-paisaietarako ekintza zehatzak mahai gainean jartzea bilatuko du proiektuaren hurrengo faseak.
Tolosako saioaren ondoren, proposatzen diren ekintzen zehaztapenean sakonduko dute eta horiek eskualdeko erakundeei eta eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko zaizkie, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzeko asmoz. Era berean, lehen sektoreak ongizateari egiten dizkion ekarpenak azpimarratzea, horien inguruan gizartea sentiberatzea eta eskualdeko baserritarrei haien produktuei beste balio erantsi bat gehitzeko aukera aurkeztea proiektuaren helburu direla ere azaldu dute.