Armando Roca[/caption]
35 eta 95 urte bitarteko 3.200 atleta baino gehiago bildu ditu egunotan Donostian izan den Beteranoen Pista Estaliko Europako Txapelketak. Tolosaldeko parte hartzaileak ere izan dira bertan, eta bi dominarekin itzuli dira. Bata, Armando Roca, urrearekin, eta bestea Andu Martinez de Rituerto brontzearekin.
Armando Roca tolosarrari dagokionez, 75 urtetik gorakoen mailan, eta 60 metroko proban lortu du urrezko domina. 8.88 segundotan egin ditu 60 metroak. «Oso gustura» dagoela azaldu du, eta «ezuste handia» izan dela, ez baitzuen espero. Adierazi duenez, duela hiru urte lortu zuen azkenekoz marka hori egitea. Lesio batzuk ere izan ditu tartean, eta aurtengo urtea «oso ona» izaten ari dela dio.
Rocaren atzetik sailkatu zen Tony Bowman britainiarra, eta bere artean, eta gainerako partaideen artean «laguntasunezko giro polita» dutela nabarmendu du: «Pasa den urtean berak irabazi ninduen, eta aurrekoan eta aurtengoan nik, beraz, esan nion hurrengoa berari egokitzen zaiola. Oso ongi konpontzen gara elkarren artean». Txapelketa egunetan harmailetan egon zen giro «ona» eta «babesa» ere azpimarratu nahi izan du tolosarrak: «Entrenatzen nauen nire semearekin batera, familiako kideak, lagunak... guztiak nituen han».
Ez da Europako Beteranoen txapelketa irabazten duen estreinako aldia, eta Munduko Txapelketetan ere jantzi izan du dominarik. Eta, ez du berehalakoan kirol hau uzteko asmorik 78 urteko atletak. «Zorte handia izan dut, ez baitut inoiz izan gaixotasun larririk, baina hori bai, urteetan aurrera egiten ari zaren heinean, gehiago zaindu behar duzu gorputza, gehiago begiratu behar diozu». Halaber, nolabaiteko indarra edo bultzada ematen dion zerbaiten modukoa dela onartzen du: «Niretzat aurrera egiteko indarra ematen didan ilusio modukoa da kirola, bultzatzen nauen zerbait da». Jokatuko duen hurrengo txapelketa Durangon izango da, 100 metroko proba hain zuzen, eta ondoren, udan, Gasteizen izango den Espaniakoan lehiatuko da luzera bereko proban. Hurrengo urtean, berriz, Pista Estaliko Europakoan aritzeko asmoa du, Budapesten (Hungaria).
Rituertok brontzezko domina
Bestalde, Andu Martinez Rituerto tolosarrak ere parte hartu du Donostian jokatu den beteranoen txapelketan. Bi probetan aritu da, 45 urtez gorakoen altuera jauzian eta pentatloian. Bada, gorako
jauzian, 1,81eko markarekin, brontzezko domina janztea lortu du.