Atez atekoari buruzko Villabonako hitzaldia bertan behera utzi du PSCk

Ataria 2013ko martxoaren 22a

PSC alderdiko Hector Gonzalezen Kataluniako hondakinen kudeaketari buruzko hitzaldia aurreikusia zegoen biharko Villabonan, baina bertan behera geratu da. Antza, PSEren presioen ondorioz PSCk Hector Gonzalez Tiana herriko zinegotziari ukatu egin dio bai Villabonara, bai eta Gipuzkoan hitzaldia eman behar zuen beste herrietara joateko baimena.

Hitzaldien antolatzaileek adierazi dute PSE-EEk eskatu duela hitzaldiak bertan behera uzteko. Hector Gonzalezek esan du «erabat lotsatuta» dagoela gertatutakoarekin. Atez atekoarekin horrelako giroa sortzea «ulertezina» dela esan du. Bere herrian atez atekoarekin lortutako emaitzekin «harro» dagoelako munduko edozein lekutan aurkeztu eta defendatzeko prest dagoela azaldu du, eta herritarrei barkamenak eskatu dizkie, eta hitzaldiak emateko gogoa gelditu zaiola erantsi du.

Dena den, ez du baieztatu hitzaldiak bertan behera uztearen atzean PSEren eskakizun bat dagoenik. Alkateak esan diola momentuz hobe izango dela hitzaldiak ematera ez joatea adierazi du. «Nik ez dakit nondik datorren erabakia; azkeneko katebegia naiz». Egun pare bat itxaroteko ere eskatu du, zer gertatzen ari den argitzeko.

«PSE-EEk presionatu ditu»

EH Bildu koalizioak salatu du PSE-EEk utziarazi dituela Gipuzkoan Kataluniako hondakin

kudeaketaz egitekoak ziren hitzaldiak bertan behera: «PSE-EEk beldur dio eztabaida aske eta zentzudun bat izateari eta horregatik presionatu ditu PSCko kideak». «PSOEk beste lekuetan onartzen duena ez du Gipuzkoan onartzen», nabarmendu du EH Bilduk. Katalunian ez ezik, Mallorcan, Madrilen eta Galizian atez ateko bilketaren alde egiten dute sozialistek, koalizioaren hitzetan.

Gipuzkoan, aldiz, PSE-EEk «interes ekonomiko eta alderdikoiak» lehenesten dituela salatu du EH Bilduk: «Gaia erabat politizatu nahi du, eta demokraziaren oinarri den informazioa libreki eskuratzeko eskubideari traba egiten dio». Hiri hondakinen tratamenduari buruzko eztabaida sosegatzeko eskatu du koalizioak, eta gainerako alderdi politikoei arduraz jokatzeko eskatu

die, «birziklapenaren gizartea» eraikitzeko egitasmoekin bat eginez. Koalizioak gehitzen duenez, «are harrigarriagoa» egiten zaio jarrera hori, non, Tolosan hondakinen mahaia utzi ostean PSE-EEk egindako adierazpenak aintzat harturik. «Eztabaida eta birziklatzeari ez diogu muzin egingo, ez eta herritarrak informatzeari ere».

Bestalde, Tolosaldeko Mankomunitatetik adierazi dutenez, Hondakin kudeaketa Katalunian hitzaldia antolatzearen arrazoia, «ezagutza lortzea» izan da, «beste toki askotan aurrera eramandako proiektuetatik elikatzea». Kataluniako eredua «bereziki interesgarria» dela diote mankomunitatetik, «urte askotako esperientzia baitute bilketa eredu berritzaileagoekin». Biharko Villabonako hitzaldian Hector Gonzalez Kataluniako Tiana herriko Ingurumen zinegotziak euren bilketa eredua azaldu behar zuen. Tiana izan zen Katalunian atez ateko sistema ezarri zuen lehen herria, duela 13 urte.

Hitzaldi horrekin «esperientzia desberdinak ezagutzea, eskualdeko udalek eta herritarrek informazioa jaso eta ematea eta gure herrietarako gehien birziklatzen duen eta eraginkorrena den eredua garatzea» nahi zuen Tolosaldeko Mankomunitateak. Horregatik, dio, ez duela ulertzen «zergatik jarri zaion oztopoa».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!