Xisteraren soka luzea

Ataria 2013ko martxoaren 15a

Fronton Kafetegiko garai bateko jabeek ondo gogoan dute Beotibar inguruan sortzen zen zalaparta, puntistak zetozela eta. 60. hamarkadako kontuez ari gara. Denboraldi guztia Ameriketako Estatu Batuetan jokatzen pasa ostean, ekaina aldera bueltatu ohi ziren Euskal Herrira Tximela, Kortajarena, Soroa eta konpainia. «Amerikanoak» goitizenarekin ezagun ziren haiek, sekulako kotxeetan iritsi ohi ziren Beotibar atarira, alkandora hawaiiarra jantzita eta besapean dozena erdi bat zesta hartuta. Ikusmira, erabatekoa izan ohi zen.

Tokitan geratu dira, baina, kontu horiek guztiak. Orain, pentsaezina egiten zaigu zesta punta partidu bat ikustera joateko korbata eta zapatak jantzi behar izatea. Bada, duela 50 urte halaxe joan behar izaten zen Ameriketako Estatu Batuetako frontoietara, dotore jantzita.

Izan ere, zesta punta bera ere halakoxe kirola da, dotorea.Tradizioa, trebeziarekin uztartzen du munduko kirolik azkarrena omen denak. Gainera, euskal sustraiak mundu zabalean barrena hedatzeko ere balio izan digu zestak; ondorioz, herrialde asko eta askotan, zesta bera da euskaldunak identifikatzen gaituen ikur nagusia.

Azken hamarkadetan, halaber, beherakada nabaria jasan du zesta puntak. 1988. urteko greba ospetsuak ez zion mesede handiegirik egin, eta harrezkero indarra galtzen joan da mundu osoan. Ameriketako Estatu Batuetan, Jai Alai izenekoak sekulako nagusitasuna zuen lurraldean, frontoi asko eta asko itxi dira, eta profesionalei euren jardunerako lekua mugatu zaie. Hedabideek ere, beste kirol batzuei eman izan die lehentasuna, eta mediatizazio horren barruan ez sartzeak, itzalean utzi du kirol hau. Baina ekaitzaren ondorengo barearen antzera, beherakada horren ostean, zesta punta ari da, berriz ere, goranzko bidean tematuta.

Harrobia Tolosan

Tolosak aspaldidanik dauka lotura zuzena eta estua zesta puntarekin. Beotibar eraberrituko frontis zaharrak, makina bat pilotakada jaso ditu xistera jolasean. Eta oraindik ere, asko dira pareta horren aurrean saskia astinduz ibiltzen direnak. Duela 25 urte pasatxo eratu zen Beotibar Zesta Punta Elkartea, Altuna eta Elola puntista ohien eskutik. Orduztik hona, mundu guztiko frontoietan aritu izan dira bertatik ateratako pilotariak, eta oraindik ere, indarrean dirau aspaldian ilusioz hasitako proiektuak.

Gaur egun, 40 bat pilotarik osatzen dute Betotibar Zesta Punta Elkartea, txikienetatik hasi, eta beteranorik zaharreneraino. Joxe Mari Jauregi, klubeko presidente eta profesional ohiak jakinarazi digunez, «etorkizun itxaropentsua» ikusten dio elkarteari, zestan jokatzen gazte ugari ari baita. Benjamin mailakoak dira klubeko puntista gazteenak, eta hortik gora, ordezkaritza zabala dago alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan. Hori dela eta,  Tolosak urtero atera ahal izan du taldea Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan, eta bertatik txapelaren bat edo beste ekarri ere bai, azken urteetan.

Horrez gain, bertako pilotariek hainbat txapelketa jokatzen dituzte urtean zehar, Gipuzkoa mailatik hasi, eta Europako Txapelketetaraino. Pasa den urtean, esaterako, Europa mailan nagusi izan ziren Lopez eta Izagirre tolosarrak. Eta aurtengoa ere, urte oparoa ari da izaten Beotibarko puntistentzat, izan ere, jubenil mailan, Tolosako bi bikote sailkatu dira urtero jokatzen den Udaberri Txapelketako finalerako. Beraz, beste txapela bat ere seguru da laister, Beotibarko mutilen eskutik.

Gauzak horrela, berriz ere ilusioa eta lanerako grina dira nagusi klubeko zuzendaritzaren eta jokalarien artean. Horregatik, zesta puntari merezitako bultzada emateko asmoz, proiektu eta ekimen berriak dituzte eskuartean Tolosako zein Gipuzkoako gainerako elkarteek, Jauregi presidenteak adierazi duenez.

Ordu faltaren kexa

Beotibar ZPEko arduradunak urtero pasa ohi dira ikastetxez ikastetxe, Tolosako gaztetxoenei zesta puntaren harra barruraino sartu eta klubean izena eman dezaten animatzeko. Aurten, hala ere, ezin izan dute biltze hori aurrera eraman, Beotibar pilotalekuan dagozkien orduek ez baitie pilotari gehiago sartzeko aukerarik ematen.

Jauregik nabarmendu du, kluba «mugatuta» dagoela zentzu horretan, eta minduta ageri da herriko pilotalekuan kanpoko jendeari ematen zaion ordu kopuruagatik; horrela, Tolosakoak bertakoak diren puntistei ez dietelako leku nahikorik uzten. Aurrera begira, ZPEko zuzendaritzak, «Beotibarren leku gehiago izatea eskertuko» luke Jauregiren esanetan, euren proiektuak behar bezala garatu ahal izateko.

Elolaren itzalean

Jose Inazio Elola izan zen Beotibar Zesta Punta Elkartearen sortzaileetako bat, eta hasieratik aritu izan da pilotari gazteenak hezten. Duela bi urte zendu zen Elola, eta ordurarte eutsi zion entrenatzaile eta aholkulari lanari; bere afizio maiteari. Egunero pasatzen zen frontoitik, hautsitako pilotak konpontzera, mutilen entrenamenduak ikustera, edota kantxa barruraino sartu eta guztiak bere esanetara jarrita, entrenamenduak gidatzera.

Noski, bere heriotza kolpe latza izan zen; zesta punta munduarentzat, oro har, baina bereziki Beotibar Zesta Punta Elkartearentzat. Klubari horrenbesteko dedikazioa eskaintzen zion gizonaren hutsuneak, asko eragin zuen eguneroko martxa horretan, eta pilotari zein arduradunek ondo nabaritu zuten bere falta. Jauregiren ustez, «sinbolikoki zein animikoki, Elolaren ekarpena izugarria zen. Beti zegoen frontoian, eta beti edozertan laguntzeko prest gainera».

Hutsunea nabaria bada ere, haren itzalean lanean jarraitzen dute Betotibar ZPEkoek, orain dela horrenbeste urte Elolak eta konpainiak hasitako bideari zuzen jarraituz.

Beteranoen itzulera

Hiruzpalau urte pasa dira, Beotibarrera aspaldiko ezagun batzuk itzuli zirenetik. Profesional mailan hainbat pilotalekutan aritu, eta erretiroa hartu ostean, berriz ere frontoira bueltan zen dozena erdi laguneko taldea, zesta puntaren indarrak erakarrita. Adinean aurrera xamar egindakoak batzuk, gaztexeagoak besteak, Tolosa eta inguruko herrietatik etorriak ziren euren jatorrizko pilotalekura. «Beteranoak» euren esanetan, «xaharrak» ezizenarekin ere ezagunak dira taldean. Puntista bikainak eta zirikatzaile ezin hobeak izaki, segituan jarri zioten gatza eta piperra elkarteko giroari, eta hortik etorri ziren gazteen aurkako apustu, desafio, afari eta parranda ugariak.

Oraindik ere, hortxe jarraitzen du beteranoen edo «xaharren» taldeak, erabat sasoiko. Tartean da Joxe Mari Jauregi klubeko presidentea bera ere, Daniako (AEB) frontoian profesional aritu ondoren, «berriz ere bazterrak nahastera etorritako koadrila» horretan. Astean behin bederen elkartzen dira, zestan saioa egin, eta entrenamendu ondorengo jan edanak egiteko. Umore onean, zesta puntaren iragana, orainarekin uztartuz.

1tolosa@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!