Igaro dira jada urte batzuk, Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxa plataforma sortu zenez geroztik. Emakumeen eskubideen defentsan, lau urtez behin mundu mailan abian jartzen den egitasmoa da Emakumeen Mundu martxa, eta Euskal Herrian, tokian tokiko plataformetan gauzatzen dira helburu eta aldarrikapen horiek. Tolosaldean, ELA, LAB, EHNE eta Bilgune Feminista izan dira, hasiera-hasieratik, plataformako kideak; berriki, ordea, Ikasle mugimendua batu berri zaie.
Pasa den iraila inguruan, taldeko kideak beren jardunaren inguruan hausnartu zuten, eta plataforma ahul zegoela ikusi zuten, Eider Olazar Elduaien eta Maider Aramendik azaldu dutenez: «Kontu honi buelta batzuk eman genizkion, eta plataformak egindako deialdiek oso erantzun ahulak izaten dituztela ikusi genuen».
Izan ere, plataformaren eginkizun nagusia, Euskal Herrian emakume bat erailtzen dutenean, gertaera horri kalean erantzun bat ematea da, funtsean. Deialdiak deialdi eta aldarrikapenak aldarrikapen, ordea, plataforman elkartutako eragileek, mobilizazioek indarrik ez dutela nabaritu dute: «Zerbait egiteko behar handia ikusi dugu, gaiak zer nolako garrantzia duen kontuan izanda. Azken finean, emakume bat erailtzen dute, oinarri-oinarrian, emakume izateagatik. Lortu behar duguna, beraz, hain larria den arazo bati, erantzun indartsu bat ematea da».
Ikasturte hasieran burututako hausnarketa horri jarraipena emanez, lehenik eta behin, ELA, LAB, EHNE, Bilgune Feminista eta Ikasle mugimenduko kideek konpromiso jakin batzuk hartu dituzte beren helburuei begira. Horietan lehena, plataformaren berri ematea da: «Jende askok ez daki talde hau badenik ere, eta geure burua ezagutzera eman nahi dugu, bere garaian sortu genuen protokoloa gizarteratzeko».
Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxak, eraso sexisten aurrean, protokolo bat osatu zuen: Euskal Herrian emakume bat erailtzen dutenean, hedabideek berria eman eta 24 ordu geroago egingo dituzte mobilizazioak, beti ordu eta leku berean.
Modu honetara, jarraibide hau herritarren artean zabaltzea beharrezkotzat jo dute eragileek, gizartean bilatzen ari diren erantzun hori lortzeko. Bide honetan, eta konpromisoekin jarraituz, plataformako eragile bakoitzak ordezkari kopuru bat eraman beharko du mobilizazio hauetara, eta enpresa nahiz ikastetxeetan lanketa bereziak egiten ari dira, horrelako egoeretarako.
Epe luzera, kontzientzia
«Funtsa, erantzun baten beharra sortzea da, baina sortzea, gizarteak gaitz bat duenaren kontzientzia izanda», nabarmendu du Maider Aramendik.
Izan ere, Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxak gogora ekarri nahi du, indarkeria sexista birsortzen ari dela, eta belaunaldi gazteetan ere bizirik dagoela: «Konponbidetik oso urrun gaude, harreman ereduak nahiz gizon-emakumeei gizarteak ezartzen dizkien rol bereizketak, belaunaldiz belaunaldi pasatzen direlako», dio Eider Olazar Elduaienek.
Horri guztiari aurre egiteko, ordea, «sekulako lana» egin behar dela diote, eta herritar guztiek arazo larri honekiko kontzientzia izatearena epe luzerako lorpen gisa ikusten dute.
Hain zuzen ere horregatik eman nahi diote indar berezia, gizartearen erantzunari: «Behin erantzun bat aktibatu dela ikusten dugunean, kontzientziazioa paraleloki joango den zerbait izango da; baina lehenengo arazo hori badela ikusarazi behar da. Izan ere, gertuko arazo bat da, eta edonori gerta dakioke, baina herritarrok ez dugu ezer egiten, norberari eragiten ez dion bitartean».
Auzi honetan, plataformak mahai gainean jarri nahi izan ditu, azken urteotan indarkeria matxistaren ondorioz Tolosan bertan erail dituzten emakumeak ere: «Emakumeen aurkako indarkeriak astindu handia eman du azkenaldia Tolosan, indarkeria fisikoari dagokionez; 2009an Izaskun Jimenez erail zuten, 2010ean Elena Cal, eta iaz, berriz, Caridad Rodriguez. Hain gertuko kasuak ikusteak, beraz, balio beharko luke kontzientziak astintzeko, horrela esatea tristea den arren».
Muturreko kasuak hizpide izanda ere, genero indarkeria «gauza txikienekin hasten da», eta plataformak bereziki aipatu nahi izan du festa giroa: «Parranda giroan, adibidez, eguneroko bizitzan zilegitzat joko ez liratekeen zenbait jarrera sexista bidezkotzat hartzen dira: lerdetsu bat gau osoan ondoan izatea, edo ipurdia ukitzea esaterako».
Honegatik guztiagatik, auzi honetan pauso txikiak emanez, «poliki-poliki» joan behar dela badakite plataformako kideek, eta «ezer berririk» aldarrikatuko ez dutela dioten arren, hamaika eta bat aldiz mezu bera errepikatzeko prest daude, «gizarteak duen gaitz hau sendatze bidean».