Gipuzkoa Encounter 7 ostiralean hasi eta igandean amaituko da. Hiru egunetan zehar, Gipuzkoan egiten den ordenagailu eta teknologia berrien topaketarik handiena egingo da Tolosan. Zazpigarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, helburua tolosarrak Encounterrera erakartzea izango da. Horretarako, alde batetik herriko eragileekin aritu dira antolakuntza lanetan, eta bestetik, herritar orori zabaldutako egitarau irekia osatu dute.
Atsedenik izango ez duen topaketan, jokoak, sari garrantzitsuak, lehiaketak, animazioak, eta abar egongo dira. Izena eman duten parte hartzaileak, hau da, hiru egunetan Usabal kiroldegitik atera ere egingo ez diren ordenagailuzaleak, 600 lagunetik gora izango dira.
Lanbide Heziketa Insitutua
Tolosaldeko Goi Mailako Lanbide Heziketa Institutuko ikasleak antolatzaile lanetan aritu dira urtero bezala. Errendimendu handiko sareei buruz ikasturtean zehar ikasi dutena, praktikan jartzeko aukera edukiko dute ondorengo egunetan; goizez, arratsaldez eta gauez ariko dira txandaka lanean. Institutuko arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkie antolatzaileei ikasleei aukera hau eskaintzeagatik.
Egitarau irekia
Martxoak 2, larunbata
12:00etan. Bideojokoak eta parekidetasuna hizpide izango dituen hitzaldia, Urko Fernandezen eskutik.
17:00-20:00. Musika eta artea uztartuz, Tolosako bi artisten sormen tailerra.
Musika taldeentzat tailerrak. Gipuzkoa Encaunterrek irauten duen hiru egunetan musikariei eta musika zaleei zuzendutako hiru tailer egongo dira: Reasonen oinarrituta ordenagailuekin musika egiteko sarrera tailerra; DAW-en oinarrituta ordenagailuarekin musika egiteko sarrera tailerra eta sintetizatzaile birtualetan oinarritutako soinuak eratzeko tailerra.