Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek eginiko prentsaurrekoaren une bat
Datorren asteazkenean 37 urte beteko dira Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik, eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak urteurrenarekin bat eginez hainbat ekintza antolatu ditu. Halaber, 24 ekintzaile sahararren aurka egunotan izan den epaiketa militarra gogor salatu dute.
Sahararen aldeko elkarteak gogoratu du euren lurretik urrun ospatuko dutela sahararrek beste behin Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 37. urteurrena, eta modu horretan ospatuko duten azkena izango denaren itxaropenaz, hainbat ekintza antolatu dituzte. Batetik, urteurreneko egunean, hau da, otsailaren 27an eskualdeko udaletxeetako balkoietan saharar bandera jartzeko eskaera egin dute. Bestetik, egun horretan elkarretaratzea egingo dute, Tolosako udaletxearen aurrean, 19:00etan, eta bertan parte hartzera animatu dituzte saharar herriaren lagun guztiak. Eta, horrez gain, Tolosaldeko udaletan onartua izan dadin mozio bat ere aurkeztu dute.
Epaiketaren gaitzespena
Bestalde, Tolosaldea Sahararekin elkarteak 2010eko urrian Saharako hiriburuaren, Aaiunen kanpoaldean Gdeim Izik kanpalekua altxatu ondoren atxilotu zituzten 24 saharar ekintzaileren aurka eman den epaiketa militarra gaitzetsi du. Protesta baketsua helburu zuen kanpalekuak 20.000 lagun baino gehiago bildu zituela gogoratu dute, «sortu eta hilabetera indar okupatzaile marokoarrak txikitzera sartu ziren arte». «Ondorioz, saharar ugari zaurituak izan ziren, ehunka desagertaraziak, jipoituak, torturatuak, bi erailak eta 24 atxilotuak».
Bada, 24 atxilotuei banda kriminal bat sortzea, 14 marokoar hiltzea eta gorpuak mutilatzea leporatu diete. Bi saharar aske utzi dituzte, baina gainerakoei, bizi osora bitarteko kartzela zigor luzeak ezarri dizkiete. Epaiketan irregulartasunak izan direla eta ez dela probarik aurkeztu salatu dute elkarteko kideek, epaituei elkartasuna adieraziz.
Marokoren «etengabeko bortxaketa» salatu dute
Eskualdeko udaletan mozioa aurkeztu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak, udal ordezkariei babesa eman diezaioten eskatuz. Mozio horretan, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan «etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagerpenak, deportazioak eta orokorrean, giza eskubideen aurkako erasoen salaketa eta gaitzespen bortitzena» adierazten dute. Era berean, Mendebaldeko Saharako Erreferendumean Nazio Batuen Erakundearen Misioa (MINURSO) giza eskubideen arloko eskuduntzak izan dezan eskatzen dute.
Mendebaldeko Saharako biztanleak, euren askatasunez, egokien deritzoten naziotasunari eta biztanle orori, dagokion mugimendu askatasuna errespetatzea eta Mendebaldeko Saharako biztanleak zatitzen duen 2.600 kilometro luzeko lotsaren harresia eraistea eskatzen dute mozioaren bidez. Era berean, Espainiako diputatuen kongresuak ebatzitakoa behingoz betetzea eta gerran aurkitzen diren estatuei, Maroko kasu, armak saltzea debekatzen duen ebazpena betetzea aldarrikatzen dute.
Mozioak, halaber, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiatzeari uko egitea eskatzen du, zehazki, Mendebaldeko Saharako uretan arrantza egitea baimentzen duen Maroko eta Europar Batasunaren arteko ituna ez berritzea eskatuz. Gainera, Europar Batasuneko gainontzeko estatuekin batera, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzea eta Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua amaitzea exijitzen dute.
Azkenik, mozioak preso politiko saharar guztiak aske uztea eskatzen du, eta bertan behera utzi dezatela 24 ekintzaile sahararren aurkako epaiketa militarra.