Eguraldiak protagonismo handia eduki du bukatu berri diren Tolosako inauterietan. Udalak lehen balantzea egina du, eta ezinbestean aipatu behar izan du eguraldi kaskarrak baldintzatu dituela aurtengo inauteriak: «Euria, hotza eta elurri medio, datuen arabera, bisitari kopurua murriztu egin da, baina ez tolosarren parte hartzea», adierazi dute. Bisitari kopurua %30ean jaitsi dela esan dute. «Eguraldiak traba handiak jarri arren, ekitaldi guztiak ospatu dira, eta bat bera ere ez da bertan behera geratu. Denetan ere, ikusgarritasuna, umore ona eta festa giroa ez dira falta izan», argitu dute. Horregatik guztiagatik, udalak, «tolosar guztiei eskerrak eman nahi dizkie egindako lanagatik eta urtetik urtera jartzen duten ilusioagatik».
Inoiz baino txupinazo jendetsuagoa izan dela argitu du udalak, eta txupinazoaren unetik txaranga doinuek, mozorroek eta kolore biziek hartu zuten Tolosa. Hala, udalak txalotu egin nahi du txarangek egindako lana: «Berriro ere inauterietako ardatz nagusietako bat direla erakutsi dute».
Karrozak eta konpartsak dira inauterietako beste protagonistak, eta irudimenarekin, umorearekin eta lanerako gogoarekin mirariak egin daitezkeela erakutsi dute inauterizaleek. Lehiaketan parte hartzeko baldintzen aldaketek bere eragina izan dutela nabarmendu dute, eta horren adibide, «euskara izan da nagusiki karroza eta konpartsek aukeratutako hizkuntza». Euskara eta parekidetasuna sustatzeko bidean, herritarrek ondo erantzun diote udalaren deiari. Hala ere, karrozen musikaren bolumena dela eta, aurrera begira, neurri berriak hartu beharko direla ere argitu dute: «Askok eta askok ez baitituzte errespetatzen».
Hausnartzeko gaia, zezenena
Aurten, zezen plazarako sarreren salmentak aldatzekoak ziren baina internet bidezko sistemak huts egin ostean, lehiatilan saldu ziren sarrera guztiak. Datorren urtera begira berriz ere gaia aztertuko dutela iragarri du udalak, baina herritarrei gai honen inguruko hausnarketa egiteko ere eskatu nahi die.
Era berean, bai sarrerak eta baita gonbidapenak segituan bukatu zirela esan dute, baina gero «askok» ez dituztela erabili argitu dute. Honela, txarangen atzetik jende gutxi sartuz eta eserleku asko hutsik geratuz.
Gainerakoan, inauteri lasaiak izan direla esan dute: «Ez da arazo eta gertaera berezirik izan. Normaltasunez eta giro onean joan dira jaiak». Urtero bezala, zenbait lapurreta izan dira, eta udaltzaingoak emandako datuen arabera, 70 bat kartera inguru aurkitu dituzte. Aurreko urteetan baino zerbait gutxiago. Bestetik, DYAkoen arabera, 42 asistentzia egin behar izan dituzte sei egunetan, eta horietatik gehienak, intoxikazio etilikoengatik. Asistentzi hauek ere aurreko urteetan baino gutxiago izan direla esan dute.
Udalak zabor gutxiago sortzearen helburua jarria zuen, eta birziklatzeko aukera eskaintzearekin 25.000 kilo zabor gutxiago sortzea lortu da. Kale garbiketetan, aldiz, eguraldia lagun izan dute, eta iaz baino ur gutxiago gastatu dute, eta baita 200 litro desinfektagarri gutxiago ere. Amaitzeko, «munduko festarik onenak» hasteko gutxiago falta dela ekarri dute gogora: 2014ko Ostegun Gizena otsailaren 27an izango da.