Juan Mari Bueno , inauterizalea
Alkoyano txarangako kideek omenaldi xumea egin zioten Zaldunitan Juan Mari Bueno tolosarrari, bazkari garaian. Buenok 77 urte ditu, eta 29 zituenetik, Alcoyanoko kidea da. 13 urterekin hasi zen inauterietan txarangan jotzen, eta hainbat elkarte pasa ondoren, Alcoyanon amaitu zuen. Kaxa jotzea gustatzen zaio gehien, baina aurtengo inauteriak triste antzean bizitzen ari da, osasunak ez baitio kalez kale ibiltzen uzten, txarangako beste kideekin batera.
Juan Mari Bueno Alcoyanok Zaldunitan egindako omenaldian[/caption]
Ezustean egin dizute omenaldia, zerbait sumatzen al zenuen? Ilusio handia egin dit, baina erabat engainatu naute. Nik ez dut balio gauza hauetarako.
Nola engainatu zaituzte, bada? Bazkarira etortzeko eta etortzeko esaten aritu zitzaizkidan. Jakin izan banuen, ez nintzen etorriko. Oso urduria naiz eta ez dut balio gauza hauetarako. Bihotz bihotzez eskertzen diet, baina benetan diot, ez dut balio gauza hauetarako. Urte guzti hauetan ilusiorik handienarekin aritu naiz txarangan, eta ez dut opariak edo antzeko ezer jasotzeko egin.Zenbat urte igaro dituzu inauteriak txaranga barruan bizitzen? 60 urte inguru ibili naiz horrela. Nire aitak ezin zuenean jo, bere ordez joaten nintzen, eta horrela sartu nintzen Tolosako inauterietan. Orain osasunez ez nabil ondo, eta ezin dut jo. Geldirik agian bai, baina oinek jada ez didate jarraitzen.
60 urtetan makina bat gauza ikusiko zenituen? Gauza asko. Orain, ordea, asko jaitsi naiz, eta ilusio gabe nabil. Txarangak entzun eta negarrez hasten naiz. Gaur erdi behartuta ekarri naute bazkaltzera, eta gaizki jartzen naiz; ikusten ditut eta nostalgiko jartzen naiz.
Beti Alcoyanorekin jo al duzu? 13 urterekin Kabi-Alain hasi nintzen. 14 nituenean, Aiz-Orratzera joan nintzen. SAM-en lan egiten nuen, eta lankide batzuk Aiz-Orratzeko bazkideak zirenez, eurekin elkartu nintzen. Ondoren, Ortzadarrekin hasi nintzen eta 29 urtera arte bertan egon nintzen. Gainontzeko urteak Alcoyanon egin ditut. Guztietan gustura ibili naiz, baina Ortzadarreko garaia gogoratzen dut bereziki. Inauteri egunetan elkartea bete egiten zen, bazkide guztiak joaten ziren. Modu izugarrian bizi zituzten inauteriak.
Zergatik dira horren bereziak inauteriak? Dena gustatzen zait. Bizi osoa txarangarekin egin dut, eta agian ez ditut ikusi behar diren moduan; ez naiz inoiz mozorrotu, txilaba jantzi eta txarangara. Horrela bizi izan ditut urte guzti hauetan.
Zein da zuretzat egunik politena? Niretzat beti izan da Ostegun Gizena. Gero, azken urteetan asko igo dena Diana da, baina herritarrentzat politena Ostegun Gizena da. Hala eta guztiz ere, nostalgia gehiena Dianak sortzen didala uste dut. Azken 25 urtetan jende asko hasi da gerturatzen, eta horrek ilusio handia sortzen du. Oso gustura sentitzen zinen, baina haserretu ere egiten zinen; 08:00etatik 10:15era bitarte, leku batetik bestera mugitzeko pieza berdina 40 aldiz edo jotzen zenuen. Baina dena esan behar baldin bada, dena aguantatzen zenuen. Tolosarrak gara eta ilusio handia ematen zuen.
Nola bizitzen ari zara aurten? Nostalgia handiarekin. Gero eta gutxiago, orduan eta hobeto. Ondo ez nagoenez, txaranga entzun eta pena ematen dit. Zahartu egin gara; nire aitari pasa zitzaion, niri pasa zait eta mundu guztiari pasatzen zaio. Musika entzuten duzu, gerturatu egin nahi duzu baina...