Helburua barrea eragitea bada, guztiak balio du Zaldunitan, eta atzokoan, Tolosako kaleetan, nabarmen frogatu zen hori. Ideia edo mozorro klasikoak ardatz hartuta ala aktualitateari keinu eginez, askotariko mozorroak eta parodiak izan ziren ikusgai.
Euren lanketarengatik aipamen berezia merezi duten Espainiako erregeak ehizatu zuen Botswanako elefanteak edota indiarraren arrano erraldoiak ikusmin handia sortu zuten. Baita Marilynen soinekoak, zaborraren bilketaren parodiak nahiz euren gorputza trastez beterik jarri zuen bikoteak ere. Kalera irten ziren ehunka mozorro, karroza eta konpartsen adibide dira.
Hauek ikustera, berriz, urtero legez, jende ugari gerturatu zen, eta horretan asko lagundu zuen eguraldiak. Ostegun Gizenetik geratu gabe egon ostean, atzo ateri esnatu zen Zaldunita eta ondorioz, diana alai eta jendetsuak animatu zituen herritarrak festara. Eta eskatu bezala jeiki zen jendea ohetik, mozorrotu, eta kalera irten zen, inauteri gogoz.
Gaurkoan, ere izango da zer ikusia Tolosako kaleetan. Karrozek eta konpartsek aisialdi taldeetako gaztetxoei pasako die lekukoa, eta hauek azken asteetan prestatzen egon diren emanaldia jendaurrean aurkezteko unea izango dute.