Aurtengo inauterietan bi jangela alternatibo egongo dira Tolosan: Elkartasun sagardotegia, Lapurdi plazan, eta Kilometroak 2013ko taberna, Euskal Herria plazan.
Herrira-k urte osoan zehar hamaika ekitaldi antolatu ohi ditu, bai eskualdean eta baita Euskal Herri osoan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Ostegun Gizenetik Asteartitara bitarte, Tolosa Euskal Herriko hiriburu bilakatuko denez, aukera paregabea izango du Herrira-k bere aldarria berriro ere lau haizetara zabaltzeko. Aurtengoa Elkartasun Sagardotegiaren hamalaugarren urteurrena izango da.
Guztira 120 lagun inguru ariko dira lanean Belateko sagardotegi alternatiboan. Egunero afariak zerbitzatuko dituzte, Isastegiko sagardo kupelen eta ardo kupel txikien babesean. Sagardo denboraldia ireki berri den honetan, kupel desberdinetan txotx egiteko aukera egongo da, beraz, Elkartasun Sagardotegian: Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Zaldunita, hau da, inauteri igandea, egun berezia izango da, izan ere, beste egunetan ez bezala, bazkariak zerbitzatuko dituzte.
Menua, esan beharrik ez dago, sagardotegi menua izango da, hamalau urte hauetako esperientzia aberasgarriaren balioarekin. Balio honen igoerak prezioan ez du eraginik izan, eta aurreko urteetan bezala, poltsikoen krisiaren jakitun, duela bost urteko prezioak mantenduko dituzte. Are gehiago, poltsiko guztietara egokitzeko, menu alternatibo bat ere eskainiko dute, txuleta beharrean, saiheskiarekin.
Herrira-ko kideak duela hilabete inguru hasi ziren etxeko lanak egiten. Herrigintza ez zaie arrotz, eta beti saiatu ohi dira eskualdeko osagaiak lortzen. Sukalde lanetarako karpa txiki bat jarriko dute Lapurdi plazan, ondoan handiagoa duela. Hau jangela izango da, eta bertan, 170 lagun ingururentzat egongo da lekua. Igandean, adibidez, bazkarian jende asko izaten denez, bi txanda egiten dituzte. Lan horri esker, 300-400 lagunentzako zerbitzua eskaintzen dute Tolosako Elkartasun Sagardotegian.
Sarri izan ohi da diruarekin zer egiten duten galdetzen duenik. Horientzat ere, Herrira-ren deialdia: «Espetxe gastuez gain, kilometro gehiegi dituzten bidaiak, abokatuak eta abar daude. Hona bazkaltzera edo afaltzera etorriz, alde batetik, preso eta iheslarienganako elkartasuna azaltzen da, eta bestetik, gastu guzti horiei aurre egiteko ezinbestekoa den laguntza ekonomikoa eskaintzen da. Dirua zertarako den jakinda, Tolosara gerturatzen diren inauterizale guztiak gonbidatzen ditugu Elkartasun Sagardotegira». Zerbait gehiago? «Bai. Txooootx, eta euskal preso eta iheslariak, inauterietara!».
KMK’13, inauterietan
Tolosako Laskorain Ikastolarentzat, eta eskualde guztiko euskaltzaleentzat, urte berezia da aurtengoa, Kilometroak 2013 Tolosan egingo baita. Euskararen aldeko uholdea urriaren 6an lehertuko bada ere, malutaz maluta elur bola handitzen joan beharra dago. Mozorro jaiarekin bat eginaz, Kilometroak 2013ko lantaldeak inauterietarako hainbat ekimen prestatu ditu, eta horien artean, taberna dago. Inauterietako lanketa guztia aurrera eramateko, Horiek aurrera emateko, 400 boluntario inguru ariko dira zuzenean lanean; zeharka, beste horrenbeste izango dira, Kazkabarra aisialdi taldea horren adibide.
Helburu garrantzitsuena inauteriak euskalduntzea izango da, horretarako, deialdia egiten zaie eragile, konpartsa, karroza, taberna eta talde guztiei euskararekin pauso bat gehiago eman dezaten. Balkoirik Politenaren Lehiaketa ere antolatu dutela diote: «Inauterietan Ahora laskoriña duen balkoirik politena prestatzen duenak bi kamiseta irabaziko ditu». Argazkia atera, eta kmk13argazkiak@laskorain.net helbidera bidali behar da. Ahora laskoriña edo banderola lortzeko, KMK’13k Tolosan zabaldu duen dendara joatea nahikoa izango da.
Apustu berezia, ordea, Topic ondoan dagoen tabernarekin egingo dute, lan gehiena bertan egitea tokatuko baitzaie. Bertan, 160 lagun ingururentzat jangela egongo da. Alde batetik, menuak zerbitzatuko dituzte eguerdian, hain zuzen ere, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan. Horrez gain, ogitartekoak eta errazioak ere emango dituzte.
Ordutegia ondorengoa izango da: Ostiral Mehean eta Zaldunita Bezperan, 18:00etatik 01:30era, eta gainontzeko egunetan, 11:00etatik 01:30era.
Euskal Herri plazako tabernaz gain, Tonbola ere jarriko dute KMK’13ko kideek Tolosako inauterietan, hain zuzen ere, San Frantzisko pasealekuan, Beotibar pilotalekuaren ondoan. Bertara gerturatzen direnek, aurpegi ezagunak ikusteko aukera izango dute, hauek banatuko baitituzte sariak, Kilometroak 2013 ekimenari atxikimendua azalduz.
Astelehenitan, Kazkabarra aisialdi taldeak ere bat egingo du KMK’13rekin eta Ahora leloarekin, hain juxtu, hori izango da euren mozorroa. Euskarari bultzada emateko asmotan, atzerriko musika komertziala hartu eta euskaratu egin dute.
Azkenik, KMK’13ko kanta aipatu behar da. Aste honetan aurkeztu dute, eta inauterietan txoko guztietan entzuteko aukera izango da.