Adineko pertsonen zaintzaileek euskaraz ikasteko egitasmoa, martxan

Ataria 2013ko urtarrilaren 25a

Adineko pertsonak zaintzea ogibide duten langileei begira, euskara ikastaroa antolatu dute Tolosako Udalak, Banaiz Bagara elkarteak, Ikasmina: herriz herri egitasmoak eta Emun kooperatibak.

Inaki Irazabalbeitia zinegotziak, «hizkuntza politikan beste urrats bat ematea» dela azaldu du: «Iaz ostalaritzako langileekin egin genuen gisa berean, aurten adinekoen zaintzaileei begira jartzea pentsatu dugu». Agerraldian, berarekin batera, Petra Elser, Oihana Jausoro, Gemma Zelaia eta Gorka Igartua ere izan dira.

Izan ere, Banaiz Bagarako Petra Elser-ek nabarmendu duenez, «adineko pertsonek beren ohiko hizkuntza erabili ahal izatea ere, bizi kalitaterako faktore bat da, elikadura, garbitasuna nahiz beste edozein premia bezala».

Bide honetan, «hizkuntza normalizazioaren beharretako bat» dela nabarmendu du Irazabalbeitiak: «Zaintzaile gehienak atzerritarrak dira, eta Tolosaldea, aldiz, adineko gehienak euskaraz hobeto moldatzen dira; are gehiago, gazteleraz trakets aritzen direnak ere asko dira».

Komunikazioa irakasgai

Arazo hauei aurre egiteko helburuz, eta Ikasmina: herriz herri egitasmoaren barneko jarduera gisa, udaleko arduradunak Banaiz Bagara elkartearekin harremanetan jarri dira.

Euskara ikastaro hau ez da ohiko ikastaroa izango, zaintzaileez gain, adineko pertsonek eurek ere joan ahal izango baitute eskoletara: «Modu honetara, biek parte hartu ahal izango dute, bien arteko komunikazioa landuz. Beldurra edo lotsa gainditzea errazagoa izango da zaintzaileentzat, ez baita nahikoa hitz batzuk ikastea», azaldu du Petra Elser-ek.

Datorren otsailaren 25ean hasiko dira saioak, baina izen ematea zabaldu dute jada. Interesa dutenek, Tolosaldea GLHBIra dei dezakete batetik, 943 65 11 47 zenbakian; Banaiz Bagara elkartean ere eman daiteke izena, ordea, 943 33 14 55 edo 645 733 818 zenbakietan.

Eskolak 10:00etatik 12:00etara izango dira, astean bi aldiz, eta oraindik zehazteke dagoen arren, Tolosako erdigunean eskainiko dituzte saioak. Udalaren diru laguntza medio, doako ikastaroa izango da sektoreko langile partikularrentzat, langabetuentzat, etxez etxeko enpresetako langileentzat nahiz zaharren egoitzetako langileentzat. Hala ere, plaza kopurua mugatuko dute.

Bizipenak elkartrukatzea

Testuinguru berean bizipenak elkartrukatzeko, mahai ingurua antolatu dute, otsailaren 19an: Hizkuntzaren garrantzia adineko pertsonen zaintzan.

19:30ean hasiko da, kultur etxean, eta Maite Artola moderatzaile lanetan ariko da, honako hizlariekin: Xabier Mendiguren, Garbiñe Petriati, Tolosako Udaleko gizarte zerbitzuetako ordezkaria eta adineko pertsonen zaintzan esperientzia duen Matia Fundazioko ordezkaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!