Tolosaldeko bi sindikatu nagusien ordezkariak ados daude: «Kezkaturik egoteko arrazoi handiak daude; ikusi besterik ez dago Tolosan bakarrik zenbat enpresa itxi diren azken aldian». Mari Mujika LAB sindikatuko ordezkariak eskualdeko ekonomiaren etorkizuna ilun ikusten du, baina argi dauka zer egin behar den hori ekiditeko. Egoitz Iturbe ELAren ordezkariak, miseria ikusiko dugula dio, baina honek ere, argi dauka zer egin behar den.
Tolosaldeko langile gehien biltzen dituzten sindikatuetako ordezkariak ados daude: «Behingoz, denon artean, epe luzerako plan estrategiko bat egin beharra daukagu eskualdean».
Langabezia datuak?
Tolosako enplegu bulegoko datuen arabera, azken lau urte hauetan lanik gabe dauden herritarren kopurua bikoiztu egin da. Hau da, 2008an, 1.587 lagunek eman zuten enplegu bulegoan izena, eta 2012ko abenduan, zerrenda horretan, 3.133 lagun zeuden. Horri, noski, izena ematen ez duten langabetuak gehitu behar zaizkio. Langabeziaren datu zehatzak lortzea ez dela erraza diote Lanbidetik, baita LABetik ere: «Nola liteke langabetu kopurua kontrolatuko duen erakunde bakar bat ez egotea? Lotsagarria da».
Langabezia neurtzeko erabiltzen diren iturriak SEPE, EPA eta Eustat dira. Elkarrekin adostasunik ez duten datuak kaleratzen dituzte.
«Larrialdi egoera»
Agintariak «txotxongilo hutsak» dira Egoitz Iturberentzat, eta euren politika ekonomikoa «fartsa» bat da: «Botere ekonomikoak agintzen duena besterik ez dute egiten. Lan erreformekin hasi zirenean, ELAtik argi esaten genuen murrizketak besterik ez zituztela ekarriko. Zer gertatu da? Murrizketak ezarri dituztela bata bestearen atzetik. Ongizate gizartea suntsitzea beste helbururik ez dute, eta hori garbi gelditu da azken lau urte hauetan. Adar jotze bat da. Beraiek sortu dute egoera hau, eta ondorioak langileen eta gizartearen bizkar jarri dituzte. Hondamendi batetara garamatzate».
Lan erreformak, kaleratzeak merketzeko egin dituztela dio ELAren ordezkariak, «ez ekonomia berpizteko, behin eta berriz esaten duten bezala». Eskualdean hori gero eta nabarmenagoa dela dio Iturbek, eta miseria, geroz eta handiagoa. Horren aurrean, Tolosaldeari dagokion plan industriala zein den galdetzen du: «Zer proposatzen dute?».
ELAren ordezkariaren galdera horretara, LABen ordezkaria langabezia datuak eskuetan dituela iristen da, zuzenean: «Datuak izugarriak dira, baina oraindik eta okerragoa da aurrera begiratzen denean. Eskualdea hilda agertzen da; ez dago sektore berririk, ez dago apustu berrik, eta ez dago proiektu berririk». Adierazitako aurreikuspen faltaren ondorioak neurtu nahian, Mujikak, ondorengo kezka kaleratzen du: «Egun, Tolosaldeko enpresa nagusienak multinazionalak dira. Bihar, hemendik joatea erabakitzen baldin badute, zer gertatzen da hemen? Hauek botere gunea hemendik urrun dute, eta ez dute eskualde, Gipuzkoa edo Euskal Herri ikuspegirik. Izugarrizko laguntzak eman zaizkie, eta orain, joaten ari diren honetan, nola berreskuratu laguntza horiek?».
Mari Mujikak metalgintzarekin gertatua jartzen du adibide bezala: «Duela hogei urte bost enpresa indartsu zeuden eskualdean, elkarrekin konpetentzian. Sektore estrategiko bat sortu behar zela aldarrikatu genuen behin eta berriz, elkarrekin aritzeko, bestela desagertu egingo zirela. Hori ez zela gertatuko esaten ziguten, eta zer gertatu da? Banaka, banaka desagertzen joan direla; bakarra gelditzen da».
LABen eta ELAren ordezkariak ados daude: «Plangintza bat behar da». Egoitz Iturbek, horretarako, lehenik eta behin interes politikoa behar dela dio: «Gero, zein enplegu mota ekarri nahi den erabaki behar da. Sindikatuon ustez, kalitatezko enplegua sortu behar da. Administrazioak eta enpresarioek ez dakit zer esango duten. Ondoren, jendea formatu behar duzu, hor ere zer esana egongo litzateke».
Mari Mujikak eskualdeko udalerriak aipatzen ditu mahai horren sustatzaile gisa. Sindikatuak, enpresariak, Eusko Jaurlaritza, SPRI, Gipuzkoako Foru Aldundia... egotea nahiko luke, eskualdearen etorkizunaz hitz egiteko. Lehiberritik kimuak atera daitezkeela dio Mujikak, baina horiek martxan jartzeko denbora beharko dela: «Jadanik, nahiko berandu gabiltza».