Tolosako txosna batzordeak pegatina lehiaketa antolatu du

Ataria 2013ko urtarrilaren 9a

Otsailaren 7a, Ostegun Gizen, geroz eta gertuago dago, eta urteroko moduan, tolosarrak inauterietara begira jartzen dira Eguberriak bukatuta. Festako erdigunean kokatzen diren txosnetan ere hasi dira lanean, eta txosna batzordeak pegatina lehiaketa bat antolatu du.

Herritar guztiei egin diete dei parte hartzeko: «Zuek egindako pegatina inauterietako ikur izatea nahi baduzue, badakizue, parte hartu».

Aurkezten diren lanek Tolosarekin eta txosnekin zerikusia izan behar dute, eta paper euskarrian nahiz euskarri digitalean egindakoak izan daitezke. Paper euskarria bada, sorkuntzak 10 zentimetro x 10 zentrimetro neurrikoa izan behar dira gehienez, eta euskarri digitalean badira, jpg formatuan aurkeztu behar dira.

Lanak aurkezteko epea hilaren 27an bukatuko da eta tolosakotxoznak@gmail.com helbidera bidali behar dira, informazio gehiago ere helbide horretan lortu daitkeelarik.

Epaimahaia txosna batzordeko kideek osatuko dute eta saria inauterietan egin beharreko lau lagunentzako afaria izango da.

Festa batzordeko kideak, beren  aldetik, orain hilabete batzuk hasi ziren lanean jaiak antolatzen eta jada iritsi da ere, konpartsa eta karrozen lehiaketan izena emateko garaia. Bi modu daude izena

emateko: kultur etxera joanda edo on line, www.tolosakoudala.net helbidera sartuta. Epea otsailaren 1ean bukatuko da 13:00etan. Izena ematerakoan talde bakoitzak zenbaki bat jasoko du, eta zenbaki hori eraman beharko dute bistan, emanaldian zehar.

Izan ere, aurtengo aldaketetako bat horixe da, lehiaketan parte hartzeko , hau da, dieta edo diru laguntzak jasotzeko konpartsa edo karrozek emanaldi bat eskaini beharko dutela, eta ez soilik plataforma egin eta kalean ibili.

Parte hartu nahi dutenek kontutan hartu beharko dute, besteak beste, debekatuta dagoela kotxeak erabiltzea konpartsak egiteko, ezin dela publizitaterik egin, eta udalak ferialekuaren kontrola eramango duela.

Ferialekua erabiltzeko ere arau berri bat jarri dute: kultura sailaren baimena beharko da bertan lan egiteko.

Erabiltzaileei bere kokapena zein den adieraziko diete eta karroza eta konpartsa handienek lehentasuna edukiko dute. Ferialekuaren kontrola udalak emango du, eta arauak ez baldin badira betetzen, bi aldiz ohartarazi ondoren, udalak zigorrak jartzeko eskumena du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!