«Adostasunak lortzeko dohaina zuen»

tolosa 2013ko urtarrilaren 3a

Iragan abenduaren 31n hil zen Joxelu Andueza Tolosako Udaleko EAJko zinegotzia, 58 urte bete berritan, minbiziaren eraginez. Bai atzo goizean beilatokian egin zioten ekitaldian, bai eta arratsaldean Santa Maria parrokian izandako elizkizunean jendetza bildu zen azken agurra ematera.

Izan ere, oso ezaguna zen herrian gizarte, kultura nahiz gazteria arloan egindako lanarengatik. Egun zinegotzi zen oposizioan, baina, Jokin Bildarratz alkate izan zen legegintzaldietan, hau da, 2003-2007 eta 2007-2011 epeetan, Gazteria, Festak eta Ingurumen zinegotzia izan zen. San Bernardo Skaut taldeko kide izan zen bere sorreratik, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari izan zen, eta Kabi Alai elkarteko kide zen.

Bada, talde edo kargu batean zein bestean zuen parte hartzearengatik askotariko eragile, elkarte zein norbanakorekin elkarlanean egotea egokitu zitzaion. Eta, hain zuzen ere, Joxelu Anduezaren ezaugarri hori nabarmendu dute bere gertukoek: «Pentsakera, ideologia, alderdi edota adin desberdineko herritarrekin lan egin eta adostasunak lortzeko dohaina».

Nerea Letamendia EAJko zinegotziak «pertsona ona» bezala definitzen du, «desberdinak batzen zituena». «Gazteen nahiz helduen alde, beti zegoen herriarengatik lan egiteko prest». Arlo desberdinetan egin du topo Letamendiak Anduezarekin, San Bernardo Skaut taldean lehenbizi, eta Tolosako Udalean ondoren. «Aisialdi taldean hezitu egin gintuen; bertan pozik zegoen, gehien maite zituen ekintzak egiten: Inauteriak, mendiko irteerak, kanpalekuak...». Hain zuzen ere, San Bernardo Skaut taldearen eskutik 2007an jaso zuen omenaldia Anduezak. Taldeko kideek eskerrak eman zizkioten ekitaldi batean, «gozatu eta ikasitako guztiagatik, izandako umorearengatik eta taldeari emandako guztiagatik».

Letamendiak gehitu duenez, «oso maitatua zen herrian». «Abenduaren 19an izan zen bere urtebetetze eguna, eta egun horretarako familiak argazki album berezi bat egin nahi zion; bada, berarentzako zela jakitean jendea segituan oso prest agertu zen albuma osatzen laguntzeko», azaldu du.

Jokin Azkue EAJko zinegotziak ere, Letamendiaren ildo beretik, «adostasunerako zuen jarrera» azpimarratu du. «Alderdikerietatik eta liskarretatik ihes egiten zuen, eta beti saiatzen zen adostasunera heltzen». Horrez gain, herritarren iritziak «oso aintzat» izaten zituela ere nabarmedu du: «Proiektu berri bat aurrera eramaterakoan, herriaren plutsua edo herritarren iritziaren berri izaten zuen, eta aproposa edo gustukoa izango zen ala ez jakiten zuen».

Agur hunkigarria

Joxelu Anduezari azken agurra egiteko ekitaldi hunkigarria egin zioten atzo goizean beilatokian. Familiako kideak, nahiz lagunak, «jendetza» bildu zen bertan. Bere irudiekin proiekzio bat eman zuten, senitartekoek eta lagunek berari eskainitako hitzak izan zituen, eta Juantxo eta Miren Zeberiok musika jarri zuten. Arratsaldeko Santa Maria parrokiko elizkizunean ere jende ugarik hartu zuen parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!