Tolosako kaleak postuz beteko dira

tolosa 2012ko abenduaren 21a

Izen eta ospe handiko azoka da Tolosan egiten den Gabonetako Azoka Berezia. Bihar izango da, eta Tolosako kale eta plazak hainbat postuz beteko dira. Hiru gune erabiliko dira azoka berezia egiteko: San Frantzisko pasealekua, Trianguloa plaza eta Plaza Zaharra. Hauez gain, ohiko larunbateroko merkaturako erabiltzen direnak ere postuz beteta egongo dira: Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza.

[/caption]

San Frantzisko pasealekuan, era guztietako jakiak egongo dira salgai: ahatekiak, kontserbak, gozoak, eztia, gazta ... Jakiez gain, artisauek landutako lanak ere izango dira: pilotak, bitxiak, egurrezko jostailuak, oinetakoak, makramea... Aipatu gabe ezin utzi, Tolosa Merkat proiektuak ere bere tokia izango duela azokan, artisau postu batekin.

Plaza zaharrean animalien erakusketa antolatu da, eta euskal txerria, enkarterrietako astoa,  azpi gorri ahuntza, euskal oiloa  eta aurtengo berrikuntzen artean, alpakak izango dira. Era berean, Bidanitik ekarritako euskal txerriaren produktuak erosteko aukera izango da. Trianguloa plazan, aurten ere, barazkiak eta fruituak izango dira protagonista. Horrez gain, eztia, ahatekiak, gazta, txokolatea eta ardoa ere erosteko aukera izango da. Beraz, Gabon egunetarako erosketak egiteko aukera zabala izango da.

Odolki Lehiaketa

San Blas Elkartearen laguntzarekin, Odolki Lehiaketa egiten da. 08:00etan lehiaketan parte hartuko duten harategietako odolkiak sutan jarriko dituzte, eta momentuz, 12 parte hartzailek eman dute izena: Mujika odolkiak, Jesus Mari Deba odolkiak, Kepa Loidi Harategia, Garikano harategia, Obrador Loidi, Olano harategia, Javier Otegi, Txarri Txiki harategia, Muñagorri harategia, Sukia harategia, Julian Mujika harategia eta Mahala. Lehiaketan parte hartu nahi duenak 94369 75 21 telefono zenbakira deitu dezake, eta gaur 13:00ak baino lehen egin beharko du. Bihar, 13:00etan jakingo da aurtengo Odolki Lehiaketako irabazlearen izena.

Azoka berezia izan arren, ezin dira ahaztu astero-astero Zerkausian baserritar produktuekin dauden saltzaileak; Berdura plazan izaten diren lore eta landare saltzaileak eta Euskal Herria plazako merkatuko saltzaileak. Hauek ere, larunbatero bezala, asteroko merkatua izango dute.

Esker ona adierazi asmoz, Fronton jatetxeak prestatuta, asteroko azokan egoten diren saltzaileei urte guztian egiten duten lana nolabait eskertu asmoz, konpota banatuko die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!