Mundu bat Tolosaldean egitasmoaren helburu nagusia, aurkezpenean zehaztu zenez, «azken urteotan Tolosaldera bizitzera etorri diren hainbat jatorritako pertsonen errealitateak ezagutzea, eta guztiok erlazionatzeko guneak sortzea» da.
Horren erakusle izan zen herenegun arratsaldean, Etorkinen Nazioarteko Egunean, Tolosako Topic zentroan egindako Identibuzz Tolosaldea proiekzioaren aurkezpena. Izan ere, jatorri anitzeko herritarrak izan ziren bertan, horietako asko proiektu horretan parte hartu zutenak.
Tolosaldea Garatzenetik bultzatutako proiektuan hamar jatorritako hamazazpi herritarrek parte hartu dute. Ubiqa aritu da proiektua dinamizatzen eta bertako Rakel Duranek azaldu zuenez, «proiektuan parte hartu dutenak kazetari mugikor bihurtu genituen eta hainbat grabaketa egin dituzte. Osatutako bideoaren helburua, hain justu, eskualdean elkarrekin bizi diren hainbat kultura azaltzea izan da». Bideoan ere emigrazioaren eta immigrazioaren inguruko hainbat hausnarketa azaltzen dira.
Harrera oso ona izan zuen emaitzak, eta kazetari lanetan aritu zirenak zein elkarrizketatuak izan zirenak oso pozik agertu ziren proiektuarekin. Proiekzioaren ondoren solasaldia izan zen eta eskualdearen kultur aniztasuna azalerazteko garrantzia azpimarratu zuten parte hartu zutenek. Bestetik, etorkinek beraiek jasaten dituzten zenbait jarrera xenofoboren berri eman zuten eta, bide batez, horrelakoak gehiago ez gertatzeko ere eskatu zuten. Gazte marokoar batek, esaterako, trenean sartzerakoan jendeak bere poltsoak estuago eusten dituela ikusten duela azaldu zuen.
Bestalde, Ereite elkarteko kideek saioa baliatu zuten ekimen baten berri emateko. Gabon gaueko afaria eta Urtezahar gaueko afaria elkartearen egoitzan egingo dituzte, eta bi egun horiek elkarbanatzeko inor ez dutenei joateko gonbitea egin diete. Bi egunetan, norberak bere afaria eraman behar du.
Aurrera begira, Mundu bat Tolosaldean egitasmoan beste zenbait ekitaldi izango dira: Islama eta musulman kultura ezagutzeko aukera Litaarafu elkartearen eskutik, zine kluba, Ereiteren postua Tolosako Gabonetako azoka berezian eta Tolosa Kantariren saio berezia.
Egitaraua
Gaur da azken eguna Litaarafu Ezagutzeko Elkartearen eskutik, Islama eta musulman kultura ezagutzeko aukera izateko; aurrez hitzordua hartuta.
Abenduak 20, gaur
19:15 eta 21:45. La pequeña Venecia filma Tolosako Leidor aretoan, zine klubaren barruan.
Abenduak 22, etzi
Tolosako Gabonetako azoka berezian Gozo anitzak izeneko postua jarriko du Ereite elkarteak.
Abenduak 29, larunbata
12:00. Tolosa Kantari elkarteak antolatzen duen kantu jiran parte hartuko dute hainbat jatorritako herritarrek, euskaraz abestuz, Banaiz Bagara elkartearen eskutik.