Tolosako Udalak hondakin organikoa herrian bertan kudeatzeko duen proiektua itxura hartzen hasi da. Herritar guztiei auzo konposta egiteko aukera eskaini nahi die, eta hasteko, lau auzo konpost gune jarriko dituzte martxan. Alliri, Izaskun eta Amarotz auzoetan kokatuko dira, hain zuzen ere.
Esperientzia pilotu moduan, 40 familiekin hasiko dira. Inguruko herrietan oso emaitza onak ematen ari den ekimena dela nabarmendu zuen Hasier De los Rios zinegotziak. Konposta egin nahi baina lur zatirik ez duten herritarrei irtenbidea emateko izango da. Nahiz eta jakin, Tolosako hondakinen arazoa ez duela guztiz konponduko, ekimena bultzatzeko arrazoi ugari ikusten dituela udalak esan zuen. Herritarrak, materia organikoa bereiztea zein garrantzitsua den konturatzeko balioko duelakoan daude.
Parte hartuko duten familiek, hondakinen zatirik handiena den organikoa, ongarri bihurtzeko aukera izango dute. Eta konposta egitea «erraza» dela nabarmendu zuten, eta jende askok uste baino «sinpleagoa» dela. Eta garrantzitsuena, materia organikoak ez duela zabortegian bukatuko azaldu zuen, De los Rios zinegotziak.
Esperientzia honek, bizilagunen arteko auzolana bultzatuko duela ere ekarri zuen gogora. Herritarren inplikazioa eta ardura bultzatzea behar-beharrezkoak direla gaineratu zuen. Bestalde, hainbat herritar, udalera honelako ekimenak eskatuz joan direla esan zuen, Tolosa Zero Zabor taldeak egin dituen kanpainetan, 100 familiatik gora izan direla izena eman dutenak argitu zuten.
Tolosa Zero Zabor taldearen izenean, Oihana Ugartek hitz egin zuen, eta kanpaina oso xumea egin dutela nabarmendu zuen. Abenduaren hasieran hasi zuten kanpaina, eta herritarrei izena emateko aukera eman zieten. Jarraian, Oargi elkartean informazio hitzaldi bat egin zuten, eta auzo konpostaren gidak banatu zizkieten. Hortik, proiektuan, 105 familia apuntatu direla adierazi du Ugartek, eta ondorioz, herritar asko direla beraien hondakinak etxean kudeatzeko prest daudenak. Eskerrak eman zizkien familia guzti horiei borondatez apuntatzeagatik. Era berean, Tolosa Txukun plataformakoekin ere harremanetan jarri dira komunean dituzten gaiak aurrera ateratzeko.
Goroldi enpresak ekimenean parte hartuko dutela adierazi zuten; herritarrei lagunduz, eta sortzen den konposta kudeatuz.
Hiru auzoetan berdeguneak identifikatuak dituzte, eta 15 metro karratu beharko dituzte gutxi gorabehera guneak prestatzeko. 700 litroko bi ontzi jarriko dituzte, eta baita material lehorra gordetzeko kaxa ere. Lau guneak ezartzeko 12.000 euroko aurrekontua du udalak, eta kostuaren erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzarekin ordainduko da.
Ikastaroak jasoko dituzte izena ematen dutenek, eta ordu eta erdi ingurukoak izango dira. Artelatzek emango ditu. Bestetik, izena eman nahi dutenek, Tolosako udaletxeko Ingurumen saila deitu beharko dute.
Auzo bakoitzeko bizilagunekin egingo dituzte bilerak, eta bertan egitasmoa aurkeztearekin batera eduki ditzaketen zalantzak argituko zaizkie.
Deialdiak
Auzotarrentzat
Urtarrilak 9, asteazkena. 19:00etan, Alliriko auzotarrentzat izango da, kultur etxean.
Urtarrilak 10, osteguna. 19:00etan, Amarotzeko auzotarrei zuzendua izango da bertako elkartean.
Urtarrilak 17, osteguna. 19:00etan, Izaskun auzoan dagoen EPAn egingo dute.