Gaur aurkeztu du Tolosako Udalak hondakin organikoa herrian bertan kudeatzeko duen proiektua. Herritar guztiei auzo konposta egiteko aukera eskaini nahi die, eta hasteko, lau auzo konpost gune jarriko dituzte martxan. Alliri, Izaskun eta Amarotz auzoetan , hain zuzen ere.
Esperientzia pilotu moduan, 40 familiekin hasiko dira. Inguruko herrietan oso emaitza onak ematen ari den ekimena dela nabarmendu du Hasier De los Rios zinegotziak. Konposta egin nahi baina lur zatirik ez duten herritarrei irtenbidea emateko izango dela azaldu du. Ekimena bultzatzeko arrazoi ugari ikusten dituela udalak esan du, eta nahiz eta jakin Tolosako hondakinen arazoa ez duela guztiz konponduko. Hala ere, herritarrak, materia organikoa bereiztea zein garrantzitsua den konturatzeko balioko duelakoan daude.
Parte hartuko duten familiek, hondakinen zatirik handiena den organikoa, ongarri bihurtzeko aukera izango dute. Eta konposta egitea erraza dela nabarmendu dute, eta jende askok uste baino sinpleagoa dela. Eta garrantzitsuena, materia organikoak ez duela zabortegian bukatuko azaldu du, zinegotziak.
Esperientzia honek, bizilagunen arteko auzolana bultzatuko duela ere ekarri du gogora. Herritarren inplikazioa eta ardura bultzatzea behar-beharrezkoak direla dio. Bestalde, hainbat herritar, udalera honelako ekimenak eskatuz joan direla esan du, Tolosa Zero Zabor taldeak egin dituen kanpainetan, 100 familiatik gora izan direla izena eman dutenak argitu dute.
Tolosa Zero Zabor taldearen izenean, Oihana Ugartek hitz egin du, eta kanpaina oso xumea egin dutela nabarmendu du. Abendu hasieran hasi zuten kanpaina, eta herritarrei izena emateko aukera eman zieten. Eta Oargi elkartean hitzaldi informatzaile bat egin zuten, eta auzo konpostaren gidak banatu zizkieten. Hortik, proiektuan, 105 familia apuntatu direla adierazi du, Ugartek, eta ondorioz, herritar asko direla beraien hondakinak etxean kudeatzeko prest daudenak.
Goroldi enpresak ekimenean parte hartuko dutela adierazi dute. Herritarrei lagunduz, eta sortzen den konposta kudeatuz.
Auzoetan berdeguneak identifikatuak dituzte, eta 15 metro karratuko beharko dituzte gutxi gorabehera. 700 litroko bi ontzi jarriko dituzte, eta lau guneak ezartzeko 12.000 euroko aurrekontua dago. Kostuaren erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzarekin ordainduko da.
Ikastaroak jasoko dituzte izena ematen dutenek, eta ordu eta erdi ingurukoak izango dira. Artelatzek emango ditu. Bestetik, izena eman nahi dutenek, Tolosako udaletxeko ingurumen departamentura deitu beharko dute.
Guztiaren berri emateko bilerak deitu dituzte:
Urtarrilaren 9an, 19:00etan, Alliriko auzotarrentzat izango da, kultur etxean
Urtarrilaren 10ean, 19:00etan, Amarotzeko auzotarrei zuzendua izango da bertako elkartean.
Urtarrilaren 17an, 19:00etan, Izaskun auzoan dagoen EPAn egingo dute.