6.000 euro banatuko dituzte beharrean dauden tolosarren artean

tolosa 2012ko abenduaren 19a

Gabonetan giro berezia sumatzen da kaleetan, eta horrek, eragina izaten omen du bihotzetan. Iragarki batean baino gehiagotan ikusia, errealitate bilakatu nahi izan du Tolosa&Co merkatari elkarteak.

[/caption]

Gabonak moduan, krisia ere gainean dugula ez dute ahazten Tolosako merkatari eta ostalariek. Hori ongi dakite eurek, alde batetik, ogibidean nabari dutelako, eta bestetik, tolosarrekin harreman zuzena dutelako euren lanean.

Errealitate horren aurrean, euren esku dagoen guztia egiten saiatu dira, eta tolosarrei laguntzeko borondatez, 6.000 euro banatuko dituzte txarteletan. Hauek, ordea, ez dituzte orain arte bezala zozketa edo lehiaketa bidez banatuko. Benetan beharrean dauden familietara iritsi nahi dute, eta horretarako, udaleko gizarte zerbitzuen laguntza izan dute.

Oinarrizko elikagaiak udalaren laguntzarekin erosten dituztenez, bonoen hartzaileek, ez ohiko produktuak erosteko aukera izango dute; hori aipatu dute Tolosa&Co merkatari elkartetik. Gizarte zerbitzuek erabaki dute nori eman merkatariek bideratutako laguntza, zuzenean eurekin harremanetan jarriz, eta txekeak eskutitz bidez banatuz.

Ekimenaren aurkezpena atzo egin zuten udal eta merkatarien ordezkariek, Tolosa&CO elkartearen egoitzan. Bertan, Ibai Iriarte alkateak, eskerrak eman zizkien elkarteko kideei egiten ari diren lanagatik. Ideia «txalogarritzat» jo du, eta kanpaina honen proposamena jasotzearekin batera aurrera egiteko esan zien elkarteko ordezkariei.

Tolosa&Co moduko elkartearekin lan egitea plazer bat dela nabarmendu zuen. Merkataritza txikia sustatuz, Tolosa herriarekiko duten maitasuna adierazten dutela adierazi zuen. Era berean, beraien saltokien alde bakarrik ez dutela egiten argitu zuen: «Egoera gogorra jasaten ari diren familiak buruan dituzte, eta lagundu egingo diete», gaineratu zuen.

Ana Lozano gizarte zerbitzuetako teknikariak, legeak uzten dizkieten eskumenak erabiliz, berrehun bat txartel banatu dituztela esan zuen. Familia kopuruari eta egoerei egokitutako bonoak izango dira, eta «lasaitasun guztiarekin hartu eta gastatzeko sari bat da», esan zuen. Tolosa&Co elkartearen barruan dauden saltokietan gastatu ahal izango dute, eta txartelarekin batera, eskutitzean bertan jasoko dituzte txartelak erabiltzeko ohartxoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!