Euskal Herrian urte askotan luzatu den egoera aldatzen ari da azken urteotan. Egoera berria bizi dugu Euskal Herrian. Pozgarria da jendartean pairatzen ziren zenbait egoera gordin gainditu direla ikustea. Baina zoritxarrez ez dira egoera gordin guztiak gainditu. Espainiako eta Frantziako estatuek egoera lehengoan mantentzeko saiakera itsuan jarraitzen dute. Horren ondorioz milaka euskal herritarren egoera latzak bere horretan jarraitzen du. Egutegiak aurrera egiten duen bakoitzeko belztu egiten da euskal presoen, iheslarien eta berauen senideen panorama.
Egoera beltz honen datuak beldurgarriak dira. Adibide gordinena dispertsioarena izan daiteke: 13 istripu daramatzagu bukatzear dagoen 2012an, 16 hildako azken 23 urteotan. Neke fisiko eta psikologiko itzela. Ekonomikoki odolustea. Urtean, batez besteko 20.000 euroko zama familia bakoitzarentzat, bidaia gastuak bakarrik kontuan hartuz. Biderkatu 604 presogatik.
Herrira mugimenduko kideok bi konpromiso argi ditugu: ez ditugula Euskal Herriko ehunka familia bakarrik utziko eta preso eta iheslarien egoera konpondu arte lanean jarraituko dugula. Bi konpromiso hauek betetzeko presoei dagozkien oinarrizko giza eskubideak errespetatu behar dira: euskal presoak Euskal Herriratu behar dira; gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi behar dira; espetxe zigorren luzatzearekin amaitu behar da eta bizi osorako espetxe zigorrak bertan behera utzi; eta dituzten giza eskubideak errespetatu behar dira.
Aldarrikapen hauei bultzada bat eman eta bide honetan Espainiako eta Frantziako gobernuei urratsak eskatzeko manifestaldi handi bat burutuko da Bilbon, urtarrilaren 12an, eta lerro hauen bidez manifestazio honetan parte hartzeko gonbidapena egiten dizuegu herritar guztioi, eta bide batez Gabonetan Tolosan antolatu ditugun ekimenetan ere: abenduaren 24ean, Gabon egunean, goizean kaleetan barrena kantari aterako gara, eta 18:45ean Trianguloatik manifestazioa egingo dugu; abenduaren 28an, hileko azken ostirala izaki, ohikoa den elkarretaratzea egingo dugu, 19:30ean. Aipatu ere, sakabanaketa politikak sortzen duen odoluste ekonomikoa arindu asmoz preso eta iheslarien aldeko Herrira Elkartasun Denda zabalduko dugula bihar, abenduak 15, eta urtarrilak 12 arte egongo dela zabalik Kale Nagusiko 5. zenbakian (lehen Zeru Txiki taberna zena).
Tolosarren elkartasuna eta parte hartzea aldez aurretik eskertuz, eta gureak berandu baino lehen etxean izan ditzagun besarkada bat eta urte berri on bat izatea opa dizuegu.
Mikel Zabala. Tolosako Herrira mugimenduaren izenean.