Tolosako Udalak Larramendi auzoko errepide nagusiaren lurperatzearen ezaugarrien berri eman du batzar baten bidez. Lurperatuko den errepide zatiak 43 metro gutxiago izango ditu, alde batetik 20 metro eta bestetik 23 metro moztu baitizkiote. Hori posible izan da tunelaren altuera jaitsi egin delako, hasieran ezarrita zegoen 5,30 metroetatik egungo proiektuaren 4,70 metrotara. Bestalde, lurperatzearen errepidearen zabalera handitu egingo da. Hasierako proiektuan 7 metrotakoa bazen, oraingoan 7,5 metrotakoa izango da arrapaletan eta zortzi metrotakoa tunelaren barruan. Zabalera horrek, tunelaren barruan auto bat geldituta balego arazo baten ondorioz, bi noranzkoetan autoak pasatzea ahalbidetzen du. Ibilgailuen abiadurari dagokionez, gehienez 30 km/h joan ahal izango dela zehaztu da proiektu berrian; horrek, istripuen arriskua gutxitzeaz gain, zarata ere gutxituko duela azaldu dute udaletik.
Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, Larramendiko urbanizazioari buruzko galdeketa egitearekin batera, herritarren ekarpenak jaso ziren: "Galdeketa lurperatzearen aldekoa atera zen, baina herritarrekin hitz eginda, ikusi genuen proiektu horrek suposatzen duen lubaki hori txikitzen saiatu behar ginela, bere eragina gutxitzen". Hortik abiatuta, "proiektua egokitzea eta hobetzea" lortu dela azaldu du Iriartek.
Obrak errepidean urtarrilaren 7an hasiko dira, eta lurperatzea zein plaza abuzturako bukatuta egotea aurreikusten da. Lanek irauten duten bitartean, Larramendi errepidea irekita egongo da hegoalderako noranzkoan, hau da, Tolosako herrigunera aldera. Orain kale horretan dauden aparkalekuak kendu egingo dira, eta oraindik eraiki gabe dagoen eraikinaren lurzoruan, Uzturre kalearen ondoan, 120 ibilgailuentzako aparkalekuak egokituko dira bertako bizilagunentzako. Horrez gain, Uzturre kalea TAO gune bihurtuko da, eta 5. gunea izango da.