Pasa den urtean sortu zuten hainbat herritarrek, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundea, Tolosako espezialitateen anbulatorio publikoa desegitera zihoala eta. Urte betean egindako aldarrikapen, eskaera eta protestak errepasatuko dituzte, eta gaur egungo egoera baloratu ere bai, larunbat honetan; 12:00etan izango da, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.
2011ko azaroan kontzertu ekonomikoaren hitzarmena sinatu zuen, Osakidetzak, Asuncion klinikaren kudeaketaz arduratzen den Inviza enpresa pribatuarekin. «Helburua, betidanik baliabide gutxiago izan dituen eskualde honetan, Euskal Herriko gainerako eskualdeetako osasun zerbitzu bera eskaintzea zen», azaldu dute TOPAko kideek: «Gainera, Asuncionek eskualdeko ospital baten moduan funtzionatzea adostu zuten hitzarmenean».
Koordinakundeak, ordea, urtea igaro eta gero, hitzarmenean adostutako zerbitzu berriak ez direla martxan jarri salatu du, eta abian direnak «era eskasean funtzionatzen» ari direla.
Besteak beste, 2012rako aurreikusita zeuden etxez etxeko errehabilitazio zerbitzua, eta ortogeriatriarako saila oraindik funtzionatzen ez direla hasi diote TOPAko kideek, eta gisa berean salatu dute, egoitzetako psikogeriatria zerbitzua martxan jarri ez izana.
Bestalde, aurten abiarazitako zerbitzuak «baldintza txarretan» eskaintzen ari direla diote: «Larriak baina kronikoak ez diren gaixotasunen unitatea jarri zuten otsailean, baina 65.000 biztanlerentzat 6 gela soilik egin dituzte. Etxeko ospitalizatzeetan, berriz, behar baino langile gutxiago ari dira, eta ez dira mediku espezializatuak. Azkenik, koloneko minbiziaren screening zerbitzua jarri dute Asuncionen, baina TOPAko kideek argi utzi nahi izan dute, «Euskal Autonomi Erkidego osoan nahitaez jarri beharreko zerbitzua» izan dela.
Legebiltzarrera begira
TOPAk, alde batetik, eskualdean gaur egun eskaintzen duten osasun zerbitzua, duela urte betekoa baino okerragoa dela dio: «Itxaron zerrendak handitu egin dira, Osasun Sailaren Lurralde Zuzendaritzan etengabeko kexak aurkezten ari dira herritarrak, eta Tolosaldeko osasun esparruko langileen baldintzek ere okerrera egin dute».
Honen aurrean, osatu berri den Eusko Legebiltzarreko lehendakariari eta ordezkari batzordeari, beren aldarrikapenak aitzat hartzea eskatu nahi diete, «19.000 sinaduren babesean». Batetik, Tolosako espezialitateen anbulatorioa mantendu eta bultzatzea nahi dute, eta baita Asuncion klinika eskualdeko ospitale publiko moduan funtzionatzen hastea ere.
Halaber, EAEn izaera unibertsala eta kudeaketa publikoa duen osasun zerbitzua mantentzeko borondate politikoa izatea ere eskatuko diete ordezkariei.