Bildu-Aralar eta EAJ ikurrinaren alde agertu dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko abenduaren 5a

Tolosako Udaleko Bildu-Aralar udal taldea eta EAJko udal ordezkariak bat etorri dira, eta Espainiako bandera jartzeko agindua inposaketatzat hartu dute guztiek.

[/caption]

Tolosako Udalak ere jaso du, Espainiako bandera udaletxeko lehentasunezko toki batean jartzeko agindua, eta hori dela eta, Bildu eta Aralarrek osatutako udal taldeak agerraldia egin zuen pasa den ostiralean, berria herritarrei helarazteko helburuz.

Bildu-Aralarren ustez «inposizioa» da Tolosako udaletxean Espainiako bandera jartzearena: «Tolosako herritarrek bere sentitzen duten bandera ikurrina da, eta udalak herritarren nahiak eta sentimenduak ordezkatzen ditu». Hori dela eta, udalak bide judizialari ekingo dio laster, bandera espainiarra jartzeko jasotako eskaera horri erantzuteko.

Bide beretik, Bilduk eta Aralarrek «era bateratuan» erantzun nahi diote auziari, eta horregatik, «herri moduan ahalik eta erantzun zabalena emateko gainerako alderdiekin hitz egiten» ari direla nabarmendu zuten agerraldian, Hasier De los Rios, Lore Agirre, Ibai Iriarte, Inaki Irazabalbeitia eta Mire Urkola udal ordezkariek: «Ikurrina beren nazio bandera bakarra dela sentitzen duten udaleko gainerako alderdiekin, inposizioaren aurrean erantzun bateratu eta sendo bat prestatzeko lanean ari gara. Etorkizuna eraikitzeko unea da, inoren inposiziorik gabe».

Horrenbestez, Bildu-Aralar udal taldeak, herritarrak «uneoro» informatuko dituztela nabarmedu dute, ikurrinaren aldeko hautua egiteko deia eginez.

«Demokraziatik urrun»

EAJko udal taldeak, bere aldetik, mozioa aurkeztuko du datorren osoko bilkuran, Espainiako banderaz aritzeko.

Besteak beste, «gizartearen borondate askearekiko konpromisoa betez», erabakitzeko ahalmenaren aitortza nabarmendu dute jeltzaleek: «Ezin zaio uko egin Euskal Herriaren izatea aitortzeari, Euskal Herria borondate kolektiboa duen subjektua delako, kultura, ekonomia eta politikari dagokionez».

Bide honetan, eta «aniztasuna bitarteko erretoriko bat soilik ez» dela azpimarratuz, bandera espainiarra ezartzearena «demokraziaren uste sendoetatik oso urrun» dagoela azaldu du EAJko udal taldeak.

Horrela, beraz, proposamena luzatuko dute hurrengo osoko bilkuran, «epaia nahitaez bete beharraren aurrean»: udaletxeko arkupean plaka bat jartzea proposatuko dute, beren ustez «bandera espainiarra zigor mehatxupean ezarritako sinboloa baita, eta tolosar gehienen nahiaren aurka eta beren ordezkarien erabakimenen kontra jarria baitago».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!