Hurrengo asteko jai egunak probestuz, Tolosa & Cok eta udalak antolatu dute haurrentzako jarduera
Datorren abenduaren 6tik 9ra bitarte, eta jai egunak probestuz, Tolosako nahiz inguruko haur eta gaztetxoek zirkoaz gozatzeko aukera izango dute; Il Circo Italiano zirkoa Tolosan izango da lau egunez.
Tolosa & Co merkatari eta ostalarien elkarteak, eta Tolosako Udalak, elkarlanean antolatu dute jarduera, eta hainbat saio eskainiko dituzte, guztiak ere, San Esteban auzoan jarriko duten karpa erraldoian.
Abenduaren 6an, 19:00etan izango da lehen saioa. Ostiralean, berriz, hilak 7, 17:00etan nahiz 19:30ean izango da zirkoa ikusgai, eta baita abenduaren 8an ere. Azkenik, abenduaren 9ko saioak 12:00etan eta 17:30ean izango dira.
Sarrerei dagokienez, 10 euro ordaindu beharko dira sarrera arruntak. Il Circo Italiano zirkoaren emanaldia palkotik ikusi nahi dutenek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dute sarrera.
Zirkorako sarreren zozketa
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak, Il Circo Italiano zirkoa ikusteko 40 sarrera zozkatuko ditu 10 harpidedunen artean; irabazle bakoitzak, beraz, 4 sarrera eskuratuko ditu.
Parte hartu nahi duten harpidedunek, 943 65 56 95 telefonora deitu beharko dute, eta harpidedun zenbakia emanda sartuko dira zozketako zakuan. Bi egunetan soilik parte hartu ahalko da: asteartea eta asteazkena. Irabazleen izen-abizenak, abenduaren 6ko egunkariko papereko edizioan argitaratuko dira.