Abenduaren 6tik 9ra ospatuko dute, aurten, Tolosako Txuletaren Festa, eta berrikuntzaz beterik dator: larunbatean, hilak 8, Euskal Herria plaza izango da gune nagusia, eta goizetik hasita, ganadu azoka, bertsolariak, sagardo dastaketa, herri bazkaria, idi dema eta afaria izango dira bertan. Horrez gain, urteroko menuaz ere gozatu ahal izango da abenduaren 7an, 8an eta 9an.
Ibai Iriarte alkateak eta Hasier De los Rios zinegotziak azpimarratu dutenez, tolosarrentzako festa izango da txuletarena: «Herri bizia herritar biziok egiten dugu». Hala ere, «herria jendez betetzeko egitaraua» prestatu dutela nabarmendu dute, eta egun horietan zehar, Tolosa ondo pasatzeko gune bilakatzea nahi dute.
Horrela beraz, abenduaren 6an, eta Tolosa & Co merkatari eta ostalarien elkartearen laguntzaz, hainbat jarduera antolatu dituzte: turistentzako trena ibiliko da herrian barrena, eta aeromodelismoa izango da 11:00etan Berazubin. Itsas-modelismoa, berriz, Zerkausian egingo dute, 12:00etatik aurrera. Arratsaldean, berriz, Hipo eta Tomax pailazoen saioa antolatu dute merkatariek, 17:30ean, Zerkausian. Halaber, Tolosa & Co elkarteko harategien eskutik, burruntzitxoak eta hanburgesak bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izango da.
Aipatzekoa da, asteroko azoka ostiralean izango dela, eta Zerkausiko postuak Trianguloa plazan jarriko dituztela.
Euskal Herria plaza, festa gune
Festa giroa goiz-goizetik, larunbatean izango da Tolosan. Izan ere, 10:00etatik 13:00era ganadu azoka antolatu dute Euskal Herria plazan: «Tradizioa berrikuntza bilakatuko dugu», azaldu du Iriartek.
Goizean zehar, sagardoa dastatzeko aukera ere izango da, bertsolariez eta trikitiaz lagunduta; Tolosa Gourmet eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 8 sagardogilek parte hartuko dute.
Bazkaltzeko, berriz, Betizu txekor bat erreko dute burruntzian, eta horrez gain, salda, entsalada, errege opila, ura, sagardoa eta ardoa izango dira herri bazkariko menuan, 25 euroren truke.
Bazkalostean, azkenik, 17:30ak aldera, 3 idi pareren arteko dema ikusteko aukera izango da Euskal Herria plazan.
Aurreko urteetako Txuletaren Festetako menuaz ere gozatu ahal izango da, ordea, Tolosan; abenduaren 7an bazkarian nahiz afarian, abenduaren 8an afarian eta abenduaren 9an bazkarian eskainiko dute txuletaren menua. Larunbatean, bertako behi frisoien txuletak eskainiko dituzte, eta igandean, berriz, idi txuleta dastatzeko aukera izango da.
Menuak 45 euroko prezioa izango du, eta honakoa izango da: esparragoak, kukuluak, urdaiazpikoa, txuleta, piperrak, xaxuak, teila eta zigarrotxoak, ura, ardoa eta sagardoa. Tolosako Orue, Burruntzi, Casa Julian eta Casa Nicolaseko parrileroek prestatuko dute guztia.
Otorduetako txartelak Tolosaldea Tourren eskatu beharko dira, 943 69 74 13 telefonora deituta, edo tour@tolosaldea.net helbide elektronikora idatzita, eta aipatzekoa da, Zerkausiko otorduetara joaten direnen artean Arabar Errioxako upategi batean asteburu bat pasatzeko aukera zozketatuko dutela.
Hasier De los Rios zinegotziak azaldu duenez, Zerkausiko jantokian, guztira, 1.200 edo 1.500 pertsona espero dituzte otorduetan: «Gure helburua jendea Tolosara erakarri eta bertan kontsumitzea da». Hau dela eta, Tolosa & Co elkarteko zenbait denda irekita izango dira abenduaren 6an.