Tolosa Zero Zabor taldeak auzokonposta egiteko proposamena luzatu die herritarrei, «hondakin organikoen arazoari erantzuteko».
Agerraldian azaldu dutenez, «Tolosaldeko beste zenbait herritan jada bideratzen ari diren zenbait egitasmo ikusita, eta Tolosako zenbait bizilagunek eskatuta», konposta egiteko sistema hau abian jartzea pentsatu dute taldeko kideek.
Tolosako Zero Zaborrek, auzokonpostajea «ahalik eta zabor gutxien sortzeko erabat lagungarria» izango dela nabarmendu du. «Hala nahi duten herritarrei hondakin organikoa norberak kudeatzeko aukera» emango dio sistemak, eta parte-hartzea ere sustatuko duela uste dute kideek.
Horrela beraz, Tolosako Udalari eskaera «zuzena» egin nahi izan diote: «Egitasmo hau ahalbidetzen laguntzea nahi dugu, eta baita honen funtzionamendurako formazio ikastaroak antolatzea ere, beste hainbat herritan egin duten bezala».
Era berean, Tolosa Zero Zabor taldeak izena emateko deia zabaldu nahi die herritarrei. Jada tolosar batzuek izena eman dutela azaldu dute, eta egitasmoan parte hartu nahi dutenek, bide bat baino gehiago izango dute: batetik, kultur etxean zerrenda bat ireki dute, eta eurekin zuzenean ere hitz egin daiteke. Azkenik, tolosazerozabor@gmail.com helbidera ere idatz daiteke izena emateko.
Konpostatzeaz informazioa
Larunbatean, abenduaren 1ean, Tolosa Zero Zabor taldeak postua jarriko du Trianguloa plazan.
Auzokonpostari buruzko informazioa eskainiko diete bertaratuei, eta bertan ere izango da programan izena emateko aukera. Gainera, konpostagailu txiki batekin erakustaldi txikiak ere egingo dituzte.
Azkenik, 12:00etan, konpostatzeari buruzko hitzaldia izango da, Tolosako Oargi elkartearen egoitzan.