"Tradizioak berrikuntza bilakatuz", ganadu azoka eta sagardo dastaketa izango dira txuleta festan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 28a

Abenduaren 6tik 9ra ospatuko dute, aurten, Tolosako txuleta festa, eta berrikuntzaz beterik dator aurten: larunbatean, hilak 8, Euskal Herria plaza izango da gune nagusia, eta goizetik hasita, ganadu azoka, bertsolariak, sagardo dastaketa, herri bazkaria, idi dema eta afaria izango dira bertan. Bazkari txartelak Tolosaldea Tourren eskuratu ahal izango dira, 943 69 74 13 telefonora deituta, eta 25 euro ordaindu beharko da, honako menua: salda, entsalada, txekor erre eta  errege opila.

Ibai Iriarte alkateak eta Hasier De los Rios zinegotziak azpimarratu dutenez, tolosarrentzako festa da: "Herri bizia herritar biziok egiten dugu". Hala ere, "herria jendez betetzeko egitaraua" prestatu dutela nabarmendu dute, eta egun horietan zehar, Tolosa ondo pasatzeko gune bilakatzea nahi dute.

Horrela beraz, abenduaren 6an, eta Tolosa & Co merkatari eta ostalarien elkartearen laguntzaz, hainbat jarduera antolatu dituzte: turistentzako trena ibiliko da herrian barrena, eta aeromodelismoa nahiz itsas-modelismoa ere izango dira Zerkausian. Halaber, Tolosa & Co elkarteko harategien eskutik, burruntziak eta hanburgesak bazkaltzeko aukera izango da.

Azkenik, orain arteko txuleta festetako menuaz ere gozatu ahal izango da, abenduaren 7an bazkarian nahi afarian, abenduaren 8an afarian eta abenduaren 9an bazkarian; larunbatean, bertako behi frisoien txuletak eskainiko dituzte, eta igandean, berriz, idi txuleta dastatzeko aukera izango da. Menuak 45 euroko prezioa izango du, eta honakoa izango da: esparragoak, kukuluak, urdaiazpikoa, txuleta, piperrak, xaxuak, teila eta zigarrotxoak, ura, ardoa eta sagardoa. Tolosako parrileroek prestatuko dute guztia, eta otordu hauetarako txartelak ere, Tolosalde Tourreko 943 69 74 13 telefonora deituta eskatu beharko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!