Emakumeon plaza inauguratu dute indarkeria matxistaz hildako emakumeen omenez

tolosa 2012ko azaroaren 24a

Tolosako Udalak Emakumeon plaza inauguratu du, "indarkeria matxismoaz hildako emakumeen  eta borrokan jarraitzen duten emakumeen omenez". Tolosako apeaderoaren aldamenean kokaturik, herriko puntu beltzetako bat zen hau, eta Ibai Iriarte alkateak adierazi bezala, "gune argi eta seguruagoa da gaur egun". Tolosan eraildako azken hiru emakumeen senitartekoak ere izan dira ekitaldian: 2009an Durangon hildako Izaskun Jimenez, 2010ean Tolosan hil zuten Elena Cal eta aurten hil duten Caridad Rodrigez. "Denbora gutxian pertsona gehiegi joan zaizkigu biolentzia matxistaren ondorioz", adierazi du Iriartek. "Euskal Herrian aurten 5 emakume hil dizkigute, eta milaka dira salaketak jartzen dituztenak eta beste asko salaketa jarri gabe isilpean sufritzen dutenak", gehitu du. Era berean, Espainiako gobernuaren azken erabakiaren gaineko salaketa ere egin du, "justizia ordaindu egin beharko delako, eta eraso asko isilaraziko dituelako".

Bada, Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako egunaren harira antolaturiko ekintzetan parte hartu duten guztiak eskertu ditu, eta bide horretan, guztiak bat eginik, jarraitzeko beharra nabarmendu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!