Arakil fundazioa aurkeztu dute Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 22a

Santa Mariako musika kaperaren artxiboa digitalizatzeko, eta Tolosan musika esparru hori sustatzeko helburuz, Arakil fundazioa sortu berri dute.

Ander Letamendia da zuzendaria, Santa Maria kaperako zuzendaria izandakoa, eta "hilabeteetan zehar proiektua landuz" aritu direla azaldu du. Besteak beste, honako helburuak zehaztu ditu fundazioak: partiturak eguneratu, partituren grafia gaurkotu eta digitalizatu, artxiboa aztertu, musika zabaldu, kontzertuak antolatu eta babestu, Santa Mariako organoa goraipatu, eta era berean, babestu.

Honen harira, aipatzekoa da artxiboa aztertzeko bekak sortu nahi dituztela, eta musikari gazteek organoa ikas dezaten, eskolak ere antolatu nahi dituzte.

Felipe Gorritiren omenez

Arakil izena jarri diote fundazioari, Felipe Gorriti zena omentzeko asmoz. Huarte Arakilgoa zen musikaria, eta Santa Mariako kaperan berebiziko garrantzia izan zuen.

Hain zuzen ere, Berta Morenok, Gorritiren bizitza pertsonala eta musikalaren inguruan hitz egin zuen aurkezpenean, eta jarraian kapera musikak bere obra bat eskaini zien, Topic zentroko artora bertaratutako guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!