Aurrekontuak aurkezteko, eta herritarren parte-hartzea oinarrian dutela, bigarrenez Tolosan izango da, gaur, 19:00etan, Martin Garitano Ahaldun Nagusia, foru aldundiko zenbait ordezkarirekin.
Aurrekontuak herritarrekin lantzeko Herritarrekin egitasmoa martxan jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, beraz, aurrekontuak osatu baino lehen herritarren iritzia jaso zuten foru aldundiko ordezkariek, urriaren 2an, Tolosako kultur etxean. Lantaldeetako dinamikarekin abiarazi zuten lehen saio hura, eta herritar bakoitzak aukeratu zuen eztabaidagaia: fiskalitatea eta aurrekontuak, alde batetik, eta gizarte politikak, bestetik.
Horrela, beraz, lehenengo saioan herritarren iritzi nahiz proposamenak jaso eta gero, bigarren saioa izango da gaur, kultur etxean berriz ere. 2013ko aurrekontuak eginda, eta Martin Garitano diputatu nagusia buru dutela, 2012ko aurrekontuaren balantzea plazaratuko dute lehenik eta behin, eta 2013ko aurrekontu proposamena herritarrei aurkeztuko diete.
Aldundiaren ustez, «ezinbestekoa da saio hauetan herritarren parte hartzea izatea», eta beraz, herritar guztiei egin nahi die bilera hauetan parte hartzeko deia. 19:00etan izango da, Antonio Maria Labaien kultur etxean.
2011n sortutako egitasmoa
2011ko foru hauteskundeen ondoren, «politika egiteko modu berri» batez aritu zen Bildu, «herritarrekin elkarlanean aritzeari» garrantzia emanez.
Lehen urte hartan, Gipuzkoako aldundiak Kontuak Garbi egitasmoa martxan jarri zuen, eta herriz herri aurkeztu zituzten aurrekontuak. Martin Garitanok, «herriak eta gizarteak Foru Aldundia gerturatzea eskertu» egin zuela uste du, Tolosan pasa den urrian azaldu zuenez: «Urruneko irudia zegoen, baina oraindik ere aurrerapauso asko eman behar ditugu».