Joan etorriko txotxongiloekin, migrazioei begira jarriko da 30. Titirijai

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 16a

Eguerdian aurkeztu dute 30. Titirijai, eta aurten, joan-etorriko txotxongiloak omenduko dituzte; hegoamerikar txotxongilo konpainiak izango dira, datorren azaroaren 24tik abenduaren 2ra bitarte, jaialdiko konpainia gonbidatuak.

Tolosako Ekinbide Etxeko Ana Arretxek, urtemuga honen alde pozgarri eta grisak izan ditu hizpide. Batetik, "Titirijai belaunaldiz belaunaldi transmititzen" den zerbait dela azpimarratu du: "Oso pozgarria da lehen, haurrak zirela, ikusle moduan etortzen zirenak, orain beren seme-alabekin ere bertaratzen direla ikustea".

Bestalde, ordea, murrizketa "izugarriak" egin behar izan ditu TEEk jaialdia aurrera ateratzeko: "Orain arte, 20 edo 25 konpainia inguruk parte hartu izan dute, eta aurten 12 soilik etorriko dira". Bestalde, Aranburu jauregiko erakusketarik ez da izango 30. Titirijain, eta helduentzako nahiz haur txikienentzako saioak ere antolatu ezinik geratu dira.

Hala eta guztiz ere, TEEko arduradunek, Kutxako babesleek nahiz Tolosako alkate Ibai Iriartek, kulturaren garrantziari begiratu diote agerraldian, behin eta berriz, TEEk eta Topic-ek, Titirijairen bidez egiten duen lanak, "bizikidetza, harremanak eta hazkuntza artistikoa sustatzen" duela nabarmenduz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!