Azaroaren 23an aurkeztuko dute Kilometroak jaia, Leidor aretoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 15a

Helburu ekonomikoaz haratago, Tolosako herria euskaraz hitz egitera bultzatu nahi dute

[/caption]

Jakinmin handia pizten ari dira, 2013ko Kilometroak festako leloa nahiz logoa. Datorren azaroaren 23an, Leidor aretoan izango da jaiaren aurkezpena, eta hamaika ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.

Kilometroak 2013 hemen da! izenburupean, bi emanaldi egingo dituzte; 18:00etan izango da bata, eta 20:00etan bestea. Ordu bete inguruko ikuskizunean, besteak beste 2013ko urriaren 6an izango den Kilometroak jairako aukeratu duten leloa ezagutaraziko dute: «Oso ausarta da, eta zeresana piztuko du, beraz, ezagutu nahi duen oro etor dadila Leidor aretora», azaldu dute antolatzaileek. Kilometroen aurkezpen ekitaldiko sarrerak salgai dira jada, 2 euroren truke, Orbela eta Ikatza tabernetan, eta baita Laskorain ikastolan bertan ere. Aurkezpenaz gain, esketxak, musika, dantzak, bideo emanaldiak eta arropa desfilea ere izango dira, eta ikuskizunean erakutsitako arropa eta materiala azaroaren 24tik aurrera eskuratu ahal izango da, Tolosako Korreo kalean zabalduko duten denda iraunkorrean.

Tolosako Laskorain ikastolak hainbat urte zeramatzan, Kilometroak antolatzeko txanda eskuratzearen zain. Azken urteotan matrikulen kopurua nabarmen igo dela eta, maila bakoitzean lau gela osatzeko beharra ikusi zuen Tolosako ikastolak, eta azpiegituren beharra ezinbestekoa da horretako.

Modu honetara, joan den urtera arte Sakramentinoetako apaizena zen lurra eta eraikina erosi zituen Laskorainek, lehen frontoia zen lekuan, haur eta gaztetxoenzako ikasgelak eraikitzeko. KMK jaiak dakarren onura ekonomikoaz haratago, ordea, bestelako helburuei ere berebiziko garrantzia eman nahi die antolatzaileek. Euskara maitatzetik edo sentitzetik, erabiltzerako pauso hori ematea lortu nahi dute.

Ikastolen proiektuak euskararen normalizazioan izan duen arrakasta herritarrei helaraztearekin batera, Tolosa osoa inplikatu nahi dute proiektuan: «Tolosan euskararen inguruan mugimendu gehiago sortzea nahi dugu, eta herria, euskaraz hitz egitera bultzatu nahi dugu. Euskaraz badakigun arren, sarri oso erraz jotzen baitugu gaztelerara», azaldu dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!