Xabier Olarra, itzultzailea: "Poztuko nintzateke, literaturak bertsoak duen eragina eta indarra balu"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 14a

[/caption]

Itzultzailea da ofizioz, Xabier Olarra (Tolosa, 1953), eta baita Igela argitaletxeko arduradunetako bat ere. Idazle lanetan hainbatetan aritu den arren, «trebetasun hori oso gutxiren esku» dagoela dio berak, eta hizkuntza batean idatzirik dagoena beste hizkuntza bateko hiztunei helarazten, aski trebea dela erakutsi berri du.

Atzo jaso zuen, Euskarazko literatura itzulpenaren Euskadi Saria, Arantzazu Royorekin batera Jakobian eraikina arabieratik euskarara itzultzeagatik, eta literaturak gizartean berak nahi lukeena baino eragin eskasagoa izanagatik ere, esku artean beti izaten du proiekturen bat.

Beste 28 lanen artean, zuena aukeratu dute. Nola hartu zenuen berria?

Batetik, harridura dezentearekin. Izan ere, 28 lan aurkeztu baziren, eta nik ez banekien zenbat ziren aurkeztuak, zergatik pentsatu behar duzu zuri eman behar dizutela saria? Finalistak hor egoteak ere horixe adierazten du: zuri eman dizuten bezalaxe eman ziezaieketen beste horiei. Eta epaimahai batek zer egin dezakeen ez dago jakiterik. Guri, Philippe Claudel-en Brodecken Txostena, Itziar Diez de Ultzurrunek itzulia eta Igelak argitaratua, nobela gisa Jakobian eraikina adina gustatzen zitzaigun, edo are gehiago, baina, lehen esan bezala, auskalo zergatik aukeratu duen epaimahaiak Jakobian eraikina, eta ez Brodecken txostena. Guri,  kasu honetan, Philippe Claudelen beraren azken nobelaren promozioan dioena gertatu zaigu: C’est en ne cherchant pas que tu trouveras. Bila ez ibiliz aurkituko duzula, alegia. Gu ez gara sariaren bila joan, baina, etorri denez gero, Arantzazu eta biok pozik gaudela ezin ukatu. Eta ez sariak emango digun diruagatik, bestelako arrazoiengatik, batez ere.

Nolatan aukeratu zenuten Jakobian eraikina itzultzeko?

Orain dela 10 urte argitaratutako nobela da. Nik orain dela hiruzpalau urte irakurri nuen gaztelaniaz. Orain dela urte pare bat Mohamed Xukri-ren Ogi hutsa itzuli zuen Arantzazu Royok, eta Igela argitaletxeak argitaratu zuen . Harrera polita izan zuen liburuak, arabieratik zuzenean euskaratzen zen lehen liburua zelako, besteak beste. Hari jarraipena eman nahian elkartu ginen Arantzazu Royo eta biok, eta aztertzen aritu ginen zein libururekin eman jarraipena hasiera xume hari. Bi genituen tiro-mugan: Mohamed Xukriren Zamaan al akhtaa (Hutsegiteen garaia), eta Alaa al Aswaniren Jakobian eraikina. Arantzazuk nahiago zuen Xukrirekin jarraitu, egilea ezaguna zuelako, eta abar. Nik, ordea, Al Aswaniren obrak gure bildumetan lehenbailen leku bat izan behar zuela ikusi nuen. Hala, berak Xukrirekin jarraitu du, eta nik Al Aswanirena hartu nuen, betiere, gero beraren gainbegiratua izango zuela jakinda.

Zein irakurleri zuzendua da?

Kontuan hartzen badugu 2002an herrialde arabiarretan Koranaren ondoren libururik salduena izan zela, pentsa dezakegu mundu guztiari zuzendua dela. Egiptoko errealitatea ezagutu nahi eta turismo bidaietan erakusten digutenarekin konformatu nahi ez duen edonorentzat egokia da.

Elkarlanean egindako itzulpena nolakoa izan da? Binaka lan egiteak alde onak eta txarrak ditu.

Bai, prozesua ez zen ohikoa izan, baina ez hain desberdina ere: niri egokitu zitzaidan ‘asto lana’ egitea, lanik zakarrena egin nuen. Abiapuntuko zirriborroa berari eskaini, eta berak findu, bukatu eta errematea eman zion, lana txukunduz. Azken emaitza, beraz, biona da. Eta bai, baditu alde onak eta txarrak, baina gure ustez, kasu honetan, beharrezkoa zen elkarlanean aritzea.

Jatorrizko bertsioa arabierazkoa da, eta zuzenean itzuli duzue euskarara. Zailtasun bat izan al da hori zuentzat?

Bai, noski, arabiera hizkuntza urruna da, eta ez gara hizkuntza horretan beste ingurukoetan bezain trebe aritzen. Horrek polikixeago eta hanka non jartzen genuen arreta handiz zainduz lan egitera behartu gaitu.

Epaimahaiak itzulpenak duen hizkera eder eta joria nabarmendu du; baita pertsonaien sarea josteko izan duzuen modua ere. Literatura itzultzearen sekretuak badu zerbait sormenetik ere?

Bai, badu. Baina ez beti berdin itzulgai guztietan. Sormen lanik garrantzitsuena, dena den, norberaren hizkuntzan ahalik eta testurik errazena, txukunena eta gozagarriena lortzea da. Ez dago beti filigranak egiten ibili beharrik.

Sormen hori, ordea, mugatu egin beharko da autorearen estilora. Nolakoa izan da Egiptoko kulturan sortutako lana euskal irakurleari zuzentzea?

Itzultzailea ez dago autoreak idatzi duena hobetzeko; hark idatzitakoa du muga eta xede. Eta bere meriturik handiena, hura ondo imitatzean datza. Baina, aldi berean, itzultzailearen hizkuntzan molde egokietan ematea, noski.

Zu zeu, itzultzaile izateaz gain, idazlea ere bazara. Asmatuko al zenuke gustokoena aukeratzen?

Oso gutxi idatzi dut, baina bai, esan daiteke bizpahiru ipuin laburren ‘idazle’ ere banaizela. Aukeratu behar izanez gero, esan beharra dago norberak idatzitakoak poz handiagoa ematen duela: «Nik sortu diat mundu hau. Eta irakurleek aintzat hartu ditek gainera». Baina trebetasun hori oso gutxiren esku dago. Besteok, erdi mailako atseginbideekin konformatu behar izaten dugu; eta hor du, bete-betean, lekua itzulpenak.

Euskarara itzulitako liburuek nolako harrera dute?

Oro har, eskasa; are gehiago, oso eskasa. Baina baita euskaraz sortutako liburu gehienek ere. Ez gara oso herri irakurzalea. Orain dela 25 urte, hiru tolosarrek eta iruindar batek Igela argitaletxea sortu genuenean, uste genuen egoera hori aldatuko zela. Zoritxarrez, ez da hala gertatu.

Igela argitaletxeko arduradunetako bat zara. Zein etorkizun ikusten diozu liburuari?

Liburuak aurrera jarraituko du, mende honetan bederen: paperezko formatuan ez bada, elektronikoan. Hemendik bi edo hiru mende gertatuko denaz orain eztabaidatzeak, berriz, ez du zentzurik.

Eta etorkizunera begira, euskal literaturak, ba al du eraginik gizartean eta belaunaldi berriengan?

Zoritxarrez, gizartean duen eragina ez da nik nahi nukeen adinakoa. Poztuko nintzateke, esate baterako, literaturak bertsoak duen eragina eta indarra balu. Baina ez dut uste hala denik.

Hizkuntza bateko hiztunak aberasteko ezinbesteko tresna da literatura?

Egia da literaturak ezinbestekoa izan beharko lukeela herri baten bizimoduan, arlo materialetik kanpo ateratzeko adinako kemena izanez gero, behintzat. Baina, zoritxarrez, ez da hala gertatzen.

Saria jaso berri duzu, baina, aurrera begirako proiekturik baduzu esku artean?

Proiekturik ez dut falta, 10 urte, edo hiruzpalau behintzat bai, kostako zaidan itzulpen bati ekin nion joan den ekainean. James Joyce-ren itzulpenari. Beraz, aspertuta egoteko aitzakiarik ez dut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!