Bizikidetzaren ikuspegi eraikitzailea partekatu eta bultzatzea helburu duen formazio ikastaroari ekingo zaio gaur Tolosan, Baketik fundazioak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta. Kultur etxean izango da, hiru asteazkenetan banaturik, 18:30etik 21:00etara. Tolosan bezala, Arrasaten, Eibarren eta Donostian ere emango dute ikastaroa, eta doan izango da. Lehenengo bietan Pello Sarasuak emango du, eta beste bi herrietan, Jonan Fernandez (Tolosa, 1962) Baketikeko zuzendariak. Berradiskidetze kultura bultzatzen laguntzea da asmoa, eta horretarako, gizartean erantzukizunen bat duten 100 lagun ingururi formazioa eman nahi diote.
Ze testuingurutan kokatu behar dugu formazio ikastaroa?
Duela urtebete inguru ETAk bere adierazpena egin zuen, eta hortik aurrera prozesu bat irekitzen da, bake prozesu bat. Guk azpimarratzen duguna da gauzak benetan aldatu ahal izateko eta bakea sendotzeko ez dela nahikoa biolentzia amaitzea, gauza gehiago behar dira. Esaterako, bizikidetza kultura berri bat sustatu behar da.
Urtebete baino gehiago igaro da ETAk jarduera armatua utzi duela iragarri zuenetik. Epe honetan mugimendu gehiegirik izan ez denaren zantzua dago.
Ez da mugimendurik egon. Baina, urtebete baino ez da igaro. Gainera, urtebete honetan hauteskundeak ere izan ditugu tartean. Azken hauteskundeak igaro direnean, orain baldintza egokiagoak ditugu gauzak mugitzen hasteko, eta hori da gure itxaropena. Arlo guztietan egon behar du mugimendua, hezkuntzan, gizarte arloan, politikan... Orain da unea. Bere horretan uzten badugu, gauzak okertu eta usteldu egingo dira, eta hori ekidin behar dugu. Honek guztiak bukaera ona izatea nahi du gizarteak, hori ikusi dugu hamabi hilabete hauetan. Gertatzen dena da, baita ere, krisi larria bizi dugula, eta kezka asko horra zuzentzen direla. Baina, esan bezala, une historikoa eta erabakiorra bizi dugu.