Amaia Arrue, Korrikalaria
Irribarretsu zegoen Amaia Arrue (Tolosa, 1979) lasterketaren ondorengo egunean. Eskualdeko lehena izateaz gain, bere iazko denbora 8 minututan hobetu zuen. Aurtengoa bere bosgarren Behobia- Donostia izan da.
Zein helbururekin joan zinen irteera puntura?
Iaz 1:33an egin nuen, eta hori hobetu nahi nuen. Azkenean, egindako denborarekin oso gustura gelditu naiz, baina gehienbat nola egin dudan kontuan hartuta. Ibilbide guztian zehar gozatuz joan nintzen, oso sentsazio onekin.
Iazkoarekin alderatuz, eguraldia erabat desberdina zen.
Iaz beroarekin eta ez nintzen hain ongi ibili. Euria eta horrelako eguraldia gehiago gustatzen zait, gusturago ibiltzen naiz. Bestalde, eskertzekoa da lasterketara horrenbeste jende gerturatzea. Giro oso berezia sortzen da ibilbidean zehar, eta horrelako eguraldiarekin horrenbeste jende ikustea... emozionatu egiten zaitu.
Momentu gogorrik egon al zen lasterketan zehar?
Gogorrena agian, irteera puntukoa izan zen. Lasterketa hasteko zain zaude, euriarekin, bustita... Behin korrika hasi ginenean, eta nire erritmoa hartu nuenean, gozatuz joan nintzen. Amaieran, Groseko azken zuzenbidean, haizea atera zuen eta nahiko gogorra egin zitzaidan, baina oro har oso ondo joan nintzen.
Urtebetean zortzi minutu hobetzen direnean, atzean zer dagoen argi geratzen da.
Konstantzia kontua dela esango nuke. Niri korri egitea asko gustatzen zait, eta urte guztian aritzen naiz. Fisikoki ongi harrapatu nau lasterketak, baina egia da, hainbeste jaistea ez nuela espero.
Nolako sentsazioa da horrenbeste jenderen artean korri egitea?
Hasieran beti kostatzen da zure lekua hartzea. Gero, ordea, denborak hobetzen baldin bazoaz, lehenago irteten zara, eta hor erritmoa azkarrago hartzen da. Dortsal zuriarekin ateratzen zarenean zailagoa izaten da, jende askoren artean baitzoaz.
Ibilbidean zehar, nola kontrolatzen duzu erritmoa?
Kronometroa eta GPS-a duen ordulariarekin joan nintzen. Pultsumetroak eta horrelakoak ez zaizkit gustatzen, sentsazioen arabera joaten naizen horietakoa naiz. Korri egitea gustatu egiten zait, eta horregatik sentsazioei egiten diet kasu gehiago, baita entrenamenduetan ere. Iazko Behobian, ordulariari gehiegi begiratu nion, eta ez nuen horrenbeste gozatzea lortu. Aurten hori argi nuen, ordulariari kasu gutxiago egin behar niola, eta horrela izan da: Denbora jaisteaz gain lasterketaz gehiago gozatu dut.
Eskualdeko lehena izateak ba al du esanahirik zuretzat?
Beti da pozgarria, ilusioa egiten duen zerbait da.