Bizikidetzaren ikuspegi eraikitzailea partekatzea eta bultzatzea helburu duen ikastaroa bultzatuko du Baketik-ek Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak babesten du ekimena.
Programa, besteak beste, Tolosan eskainiko da. «Egungo testuinguruan gizarteak bizikidetzaren ikuspegi eraikitzailea partekatzeko eta bultzatzeko beharra dauka», azaldu du Baketik-ek. «Hauxe da formazio-programa honen zergatia eta helburua».
Orokorrean, programa bizikidetza-kontuetan kezkak dituen edozein pertsonari dago zabalik. Bereziki, irakasleei, aisialdiko begiraleei, elkarteetako arduradunei, udal teknikariei, gizarte hezitzaileei, gizarte langileei eta bizikidetza kontuetan erantzukizuna duten kargudunei, politikariei edo profesionalei zuzendua dago. Formazio-programa bost modulutan antolatu dituzte. Tolosan lehenengo hiruak hilaren 14ean, 21ean eta 28an, 18.30etik 21.00etara, emango dira kultur etxean. Horren ondoren, abenduaren 1etik 13ra, tutoretzapean lan bat egin eta aurkeztu beharko da. Azken modulua abenduaren 15an egingo da, 10:00etatik 12:30era, Donostian. Ondorioak eta aurkeztutako lanen bateratze-lana eta ebaluazioa egingo da.
Ikastaroa doan da, eta izena emateko Baketik-ekin harremanetan jarri behar da, 943 25 10
05 telefono zenbakira deituz, info@baketik.org helbidera idatziz edo www.baketik.org webgunean sartuz.