Ukrainiako Credo abesbatza, aurtengo hoberena

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko azaroaren 5a

Ukrainiako Credo ganbera abesbatzak, irabaz zitzakeen sari guztiak irabazi ditu 44. Tolosako Abesbatza Lehiaketan; horien artean, Kutxa Sari Nagusia ere eskuratu dute, eta ondorioz, Arezzon (Italia) ospatuko duten Europako Abesbatzen Sari Nagusian, Tolosa ordezkatuko dute.

Atzo banatu zituzten sariak, Leidor aretoa erabat bete zuen amaierako kontzertuan. Sail bakoitzeko lehen hiru sailkatuek berriro abestu zituzten obrarik kuttunenak, eta txaloak eta publikoaren laudorioak nabarmenak izan ziren.

Horrela beraz, Credo abesbatzak jaso zituen txalo zaparradarik handienak, lau sari eskuratu baitzituzten. Batetik Lorenzo Ondarraren Pater Noster obra behartua hobekien interpretatu zuen taldea izan zen, epaimahaiaren ustez, eta Eusko Jaurlaritzaren saria jaso zuten. Halaber, ahots nahasien polifonia sailean nahiz ahots nahasien folklore sailean ere, irabazle suertatu zen abesbatza ukrainiarra. Azkenik, lehiaketako emanaldi guztiak kontuan hartuta, puntuaziorik altuena eskuratu duen abesbatza Credo bera izan denez, Kutxa Sari Nagusia irabazi zuten. 2013an, Italiako Arezzo hirian ospatuko duten Europako Abesbatzen Sari Nagusian parte hartzeko txartela eskuratu dute modu honetara.

Ukrainiarrekin batera, honako abesbatzak ere sarituak izan ziren: New Dublin Voices (Irlanda), Mikrokosmos (Frantzia), University os the Visayas Chorale (Filipinak), Latvian Voices (Letonia), Ensemble Quartonal (Alemania), Daarler Vocal Consort (Alemania) eta The Rose Ensemble (AEB).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!