Valladolideko dantzariekin dantza saioa eskainiko du Udaberrik larunbat arratsaldean

tolosa 2012ko urriaren 25a

Udaberri dantza taldeko kideek Valladolideko dantzarien bisita izango dute asteburu honetan. Eurekin batera emanaldia eskaintzeaz gain, asteburua elkarrekin igaroko dute, norbere kultura eta tradizioak partekatuz.

Aspaldikoa da Udaberri dantza taldeak elkartrukeak egiteko duen ohitura. «Gure aurreko belaunaldiek irakatsi ziguten modu berean, guk ere bestelako kultura, tradizio eta ohiturak ezagutzeko bideari jarraitu nahi izan diogu», diote dantza taldetik. Helburu horrekin joan ziren La Seca-ra (Valladolid, Espainia) pasa den uztailean.

Bertako dantza taldearekin igaro zituzten egun batzuk, eta asteburu honetan, elkartrukearen bigarren zatia betetze aldera, Valladolideko dantzarien bisita jasoko dute. Larunbatetik igandera bitarte izango dira Tolosan, eta dantza egiteaz gain, «gure herriaren, gastronomiaren eta ohituren zertzelada batzuk ematen saiatuko gara».

Larunbatean eskainiko dute bi taldeek emanaldia. Tolosako Berdura plazan izango da, 18:00etan hasita. 40 minutu inguruko saioan Valladoliden jotak eta gaita doinuak ezagutzeaz gain, bertako jantziak ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Bestalde, Udaberriko dantzariek Gipuzkoako dantzak eskainiko dituzte, eta oso gutxitan eskaintzen duten Oriako sorgin dantza ere ikusgai izango da. Arratiako jota eta porrue ere dantzatuko dituzte, eta fandango eta arin-arinarekin bukatuko dute emanaldiaren euren zatia.

Ikuskizuna amaitu ondoren, sagardotegian afalduko dute bi taldeetako kideek, eta igandean berriz, Tolosako Alde Zaharrean  barrena ibiliko dira, «Valladolideko kideek Tolosa ezagutu dezaten».

«Bisita eta emanaldi honekin, eta pasa den asteko bertso afari eta DVDaren aurkezpenarekin, Udaberri dantza taldearen 55. urteurrena ondo baino hobeto ospatuko dugu», adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!