44. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan ez da haurren saiorik izango

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 19a

Eguerdian aurkeztu dute lehiaketa, eta krisiak gehien markatutako lehiaketa aurtengoa izango dela nabarmendu duten arren, "urteroko kalitatea" bermatu dute TEEko antolatzaileek

Datorren azaroaren 1etik 4ra bitarte ospatuko dute, aurten, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, eta krisi ekonomikoaren eraginez, ez da haur abesbatzen lehiaketarik izango. Ana Arretxe, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak, azken hau "oso erabaki gogorra" izan dela azpimarratu du.

Kutxa Gizarte Ekintzen ordezkari Xabien Mendarte, Tolosako alkatea Ibai Iriarte, TEEko lehendakaria Ana Arretxe, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Blanca Urgell eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatua den Ikerne Badiola izan dira agerraldian.

Ana Arretxek, diru laguntzen jaitsierak lehiaketaren antolaketa baldintzatu duela azaldu du: "%28 jaitsi dira diru laguntzak, eta haurren lehiaketa ezin izan dugu aurrera eraman". Hala ere, datorren urtean ahal den guztia egingo dutela azaldu du, berriro ere haurren saila berreskuratzeko; batetik, arrakastarik handiena duen saioa izaten da, eta bestetik, antolatzaileentzat berebiziko garrantzia dute haurren abesbatzek, "etorkizuna direlako".

Guztira, 12 herrialdetako abeslariak izango dira Tolosan, eta hamalau abesbatzak parte hartuko dute lehiaketako sailetan. Musika sakratua eta profanoari dagozkion saioak  Santa Klara komentuko elizan izango dira, urteroko moduan, eta folklorean eta polifonian ariko diren abesbatzek, berriz Leidorreko oholtza izango dute lanerako leku.

Lorenzo Hondarra zendu berriaren Pater Noster obra izango da behartutakoa, musika sakratuan nahiz profanoan. Folklore eta polifonia sailetan, berriz, Javi Bustoren Euskal jokoak obra interpretatu beharko dute.

Aurtengo abesbatza lehiaketako kartelari dagokionez, berriz, aipatzekoa da Iñaki Epelde tolosarra izan dela egilea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!