Kasino elkarteak antolatutako Mikologia Jardunaldiak asteazkenean hasiko dira, mahai inguruarekin
Duela hiru urte berreskuratu zuen Kasino elkarteak mikologiari eskainitako astea, eta aurten, eskualdeko elkarte gastronomikoen arteko sukaldaritza lehiaketa mikologikoa izango da, egitarauko berrikuntzarik nabarmenena.
2009an 125. urteurrena bete zuten Kasinoko mikologia jardunaldiek, eta urteurrenaren aitzakian berreskuratu zuten egitasmoa. Orain, Joxe Mendizabal Kasinoko kideak azaldu duenez, «jardunaldiak finkatzea eta urte luzez mantentzea» da beren helburua.
Horrela beraz, datorren asteazkenetik igandera bitarte luzatuko diren jardunaldietan, aurreko urteetako egitura mantendu dute, eta edukiz bete dute.
Besteak beste, mahai ingurua, ikasleekin mendi irteera, azoka eta erakusketa izango dira 2012ko Mikologia Jardunaldietako hitzorduak. Aurten, ordea, lehiaketa berria martxan jarri dute Kasino elkarteko antolatzaileek.
Eskualdeko elkarteek perretxiko nahiz onddoz egindako platerak prestatu beharko dituzte datorren ostiralean, Zerkausian, 2 orduko epean. Behin epaimahaiak bere erabakia hartzen duenean, prestatutakoa bertaratuen artean banatuko dute.
Sukaldaritzaren esparrutik ez da aldendu gabe, eskualdeko sukaldariak ere ariko dira pintxoak prestatzen, larunbatean, eta aipatzekoa da, Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincado sukaldaria ere Zerkausian izango dela.
Egitaraua
Urriak 17, Asteazkena
17:20. Mikologiari buruzko mahai ingurua: Regulación micológica: esta es la cuestión. Javier Gomez Urrutia, Jose Migel Galarregi, eta Pedro Arrillaga ariko dira hizlari moduan.
Urriak 18, Osteguna
18:20. Hitzaldi miko-gastronomikoa Zerkausian, Mirador de Ulia jatetxeko sukaldari Ruben Trincadoren eskutik. Hainbat perretxiko mota prestatuko ditu, eta dastatzeko aukera izango da.
Urriak 19, Ostirala
09:00. Tolosaldeko ikastetxeetako DBH 1. mailako ikasleek perretxikoak bilduko dituzte Aralarren, eta Aranzadiko kideek sailkatu egingo dituzte.
19:00. Eskualdeko elkarte gastronomikoen sukaldaritza mikologiko lehiaketa izango da Zerkausian.
Urriak 20, Larunbata
12:00. Azoka mikologikoa Trianguloan. Hainbat sukaldarik perretxiko eta onddoen pintxoak prestatuko dituzte, eta ikasleek bildutako perretxikoen erakusketa ere izango da.