Urkulluk «bakegintzaren lantaldearen bidea berriz hartu» behar dela esan du

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 10a

EAJ alderdiko lehendakarigaiarekin batera, Joseba Egibar eta Joseba Azkarraga ere izan dira Zerkausian

Tolosako Zerkausian izan zen, pasa den astelehenean, EAJren lehendakarigaia Iñigo Urkullu, eta Eusko Legebiltzarrean abian jarri zuten bakegintzaren lantaldearen bideari jarraitzeko beharra nabarmendu zuen hautagaiak.

Jeltzaleen erronka «bakea irabaztea» dela esanez hasi zuen mintzaldia Urkulluk: «Ez nuke nahi, inola ere, nire seme-alabek borroka horretan jarraitu behar izatea». Ildo berari eutsi zioten, gainera, Joseba Egibarrek eta Joseba Azkarragak ere.

Bide horretan, Espainiako Gerra eta ondorengo diktadura gogora ekarri zituen Urkulluk, eta «odola isurtzea justifikatuko duen aberririk, erlijiorik, nahiz ideia politikorik ez» dagoela nabarmendu zuen.

Horrela beraz, eta «EAJren proiektuaren gakoa pertsona» dela esanez, bakegintzako lantaldeaz aritu zen Iñigo Urkullu. Izan ere, legealdi honen azken zatian Eusko Legebiltzarrean abian jarri zuten lantaldeari garrantzia eman zion lehendakarigaiak; «akordio politiko handi baterantzako bidea egin, eta bakea eta elkarbizitza sendotzeko» tresnatzat du bakegintza lantaldea Urkulluk. «Bide horri jarraipena eman behar diogu. Helburu hori berrartu eta indartu egin behar dugu. Legealdi honetan 72 legebiltzarkideren babesa lortu baldin badu, legealdi berrian 75 legebiltzarkideren babesa lortzea behar dugu», azpimarratu zuen Urkulluk.

Amaitzeko, alderdi guztien arteko akordio baten beharra azaldu zuen, «giza eskubideak, biktima guztien aitortza, iraganarekiko memoria kritiko eta etikoa, nahiz alde guztien arteko elkarrizketa moduko printzipioekin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!