Festak antolatzen ari dira Larramendi auzoan

tolosa 2012ko urriaren 10a

Tolosako Larramendi auzoan festak berreskuratu nahi dituzte, eta egitaraua prestatu dute hilaren 25, 26, 27 eta 28rako. Zenbait ekitalditan parte hartzeko izena eman behar da eta horretarako auzoko Amets tabernan, Plan B tabernan, Txosne okindegian eta Idaberri kafetegian jarrita dauden orriak erabili daitezke.

Hala, hilaren 27an, larunbata, auzo bazkaria egingo da, eta horretarako txartelak salgai izango dira aipatutako lekuetan, hilaren 16a baino lehen. Bestalde, danborrada egiteko asmoa dute auzotarrek, hilaren 27an, helduek eta haurrek parte hartzeko. Danborrada egingo den jakiteko aurretik zenbatek parte hartu nahi duten jakin nahi dute jai batzordekoek. Izen ematea hilaren 16a baino lehen egin behar da. Raid lasterketa ere antolatu dute, hilaren 27rako hori ere, eta horretarako izena hilaren 23a baino lehen eman behar da.

Bestetik, jai batzordetik auzotarren diru laguntza eskatu da festak antolatu ahal izateko. Horretarako, lehen aipatutako lau leku horietan kaxa bana jarriko dute, bertan gutun azal batean dirua uzteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!