Pasa den ostiralean izan zen inaugurazioa, eta Bkool erakustaldia egin zuten hainbat txirrindularik
Tolosako Usabal kiroldegian kirol teknifikazio zentroa zabaldu berri dute. Pasa den ostegunean izan zen inaugurazio ekitaldia, eta besteak beste, Tolosako alkatea Ibai Iriarte, Euskaltek Euskadi taldeko Migel Madariaga eta Euskal Herriko txirrindularitza federazioko Jose Luis Arrieta izan ziren ekitaldian. Guztiek, zentroa kirolari bultzada handia emateko bidea izango dela nabarmendu zuten.
BPXport enpresak eramango du zentroaren kudeaketa, baina arduradunek nabarmendu zutenez, enpresaz gain, taldea ere bada. Horrela beraz, «erronka berezia» dutela azpimarratu zuten: kirol kudeaketaz gain, kirol prestakuntza lantzearena.
Eliteko kirolari ez ezik, kirolari guztiei zabaldutako zerbitzuak eskainiko ditu zentroak: entrenamenduen diseinua, txirrindularitza aerodinamika, biomekanika, materialen aholkularitza teknikoa, mediku kontrolak, podologia, fisioterapia, nutrizioa, psikologia nahiz Bkool deritzon entrenamendu birtualen programa.
Hain zuzen ere, Bkool erakustaldia egin zuten ostegunean hainbat txirrindularik. Entrenamenduak birtualki irudikatzeko modua eskaintzen du programa honek, eta txirrindulari batek baino gehiagok batera entrena dezakete.
Aipatzekoa da, datorren urriaren 18an, hitzaldia izango dela Richard Saenz biologo eta nutrizionistaren eskutik, 19:00etan, zentroan bertan.